Bertsolaritza

Jon Lopategi bertsolaria hil da

Euskal Herriko bertsolari txapelketa irabazi zuen 1989an, eta lau aldiz izan zen Bizkaiko txapeldun. Aitzindaria izan zen, Jon Azpillagarekin batera, frankismo garaian gai sozialei buruz kantatzen. Lan handia egin zuen bertsolaritzaren transmisioan ere. Bereziki, Bizkaian. Igor Elortzak eta Zihara Enbeitak Lopategirekin bertsotan nola hasi ziren kontatu diote BERRIAri.

jarraia162589.jpg
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko otsailaren 8a
11:57
Entzun

Jon Lopategi Lauzirika Baltza Muxikan (Bizkaia) jaio zen, 1934ko martxoaren 4an. Filosofia ikasketak egin zituen, Tolosako Sakramentinoen apaizgaitegian (Gipuzkoa). 1958an kantatu zuen lehenengoz plazan, Gernika-Lumon (Bizkaia), eta frankismoaren azken urteetan hasi zen nabarmentzen bertsolari gisa. Jon Azpillagarekin batera, aitzindari izan zen diktadura garaian gai sozialak lantzen. Behin baino gehiagotan espetxeratu zuten, kantatu zituen bertsoengatik. Lehen bertsolari eskolatua izan zen 1936ko gerraren ondorengo bertsolarien artean.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian gailendu zen, 1989an; eta txapeldunorde izan zen 1982an eta 1986an. Horrez gain, Bizkaiko lau txapelketa irabazi zituen: 1962an, 1964an, 1966an eta 1987an. Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen.

[youtube]https://youtu.be/FINEqakf8NY[/youtube]

Lopategi bere bertso maila handiarengatik egin zen ezagun, baina bertso munduan estimatua izan da bertso eskoletan egindako lanarengatik ere. Lehen bertso eskoletan irakasle aritu zen, 1984. urtetik aurrera, Bizkaiko Ikastolen Elkarteak bertsolaritza eskoletara zabaltzeko proiektuaren barruan. Egungo Bizkaiko bertsolari asko haren ikasle izandakoak dira. Besteak beste, Haritz Lopategi semea, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Josu Goikoetxea eta Iratxe Ibarra. Baita belaunaldi gazteagoko bertsolari asko ere.

Oholtza gainean, Markina-Xemeingo Kontsezioko bertso jaialdia izango da Lopategiren azkenetakoa. Omenaldi xume bat egin zioten, 2014ko abenduan. Bideoa: Bertsoa.eus webgunetik, CC lizentziapean hona ekarria.

Igor Elortzak "maisu handia" izan zela adierazi dio BERRIAri. Bere ikasleei "bertsoa bizitzen" irakatsi ziela nabarmendu du. "Ez dira asko izaten hainbeste eragiten dizuten pertsonak".

Elortza Lopategirekin hasi zen bertsotan ikasten, Durangoko Kurutziaga ikastolan. 11-12 urte inguru zituen, eta 18 urte ingurura arte izan zuen Lopategi maisu. "Beste garai batzuk ziren. Institutuko hiru ordu galtzen genituen harekin joateko. Asteazkenero, institututik irten eta menu bat jaten genuen berarekin. Istorio zaharrak kontatzen zizkigun, bertsoari buruz aritzen ginen hizketan, eta arratsaldean bertsotan egiten genuen".


Jon Lopategi Hodei Iruretagoienari Eskolarteko Bertsolari Txapelketako txikien mailako txapela jartzen, 2003ko ekainaren 21ean, Mungian (Bizkaia). / MONIKA DEL VALLE, FOKU.

80ko hamarkadan Bizkaian bertsolaritzak zuen "hutsune handi bat" betetzen jakin zuen, Elortzaren esanetan. "Eskualdez eskualde joan zen gaitasuna ikusten zien gazteei zekien guztia irakasten". Azaldu duenez, gustura egiten zuen hori; gustura sentitzen zen gazteen artean. "Bere ume bihurria ateratzeko lizentzia ematen genion". Gainera, Lopategi "euskaltzalea eta abertzalea" zela nabarmendu du Elortzak, eta bere jarduna ikuspuntu horretatik bizi zuela.

Lopategik 50 urte eman ditu bertsotan, eta ibilbide "luze" horretan bere bertsokera garatuz joan zela azaldu du Elortzak. "60ko hamarkadan, Xalbador, Uztapide eta abarrekin hasi zen. Neurri luzekoa ez zen bertsokera bat zen, plaza librekoa. Txapela jantzi zuenean, berriz, Egaña, Amuriza, Lizaso, Jon Sarasua eta abar zituen ondoan. Aldaketa handia zen: errima eta joskera landuagoak, neurri luzeak, gai sozialagoak...".


Ezkerretik eskuinera, Jon Azpillaga, Koxme Lizaso, Jon Lopategi, Joxe Lizaso, Manuel Odriozola 'Uztapide', Manuel Lasarte, Joxe Joakin Mitxelena, Mattin eta Xalbador, 1975eko maiatzaren 4an, Ereñotzun (Hernani, Gipuzkoa). / AUSPOA BILDUMA.

Bertsoari buruz zuen jakintza eta harekiko zaletasuna gazteei transmititzea izan zuen kezka nagusia bertso eskolen sorreratik. Ahaleginak eman du fruiturik, Elortzaren ustez. "Guk zerbait ekarri badugu, berari esker izan da".

Zihara Enbeitak ikastolan izan zuen irakasle Jon Lopategi. Enbeita ere harekin hasi zen bertsotan. Gogoan du eskolaz eskola bertsotan egiteko eramaten zuela, gainerako ikaskideekin batera. Hala ere, Kanpantxun egiten zituzten egonaldiak izango dira, Enbeitaren iritziz, Lopategiren ikasleek gehien gogoratuko dutena. "Bizkai osoko bertsolariak elkartzen ginen". Egonaldi horietan eta furgonetako bidaietan, kantu zaharrak eta "milaka" istorio ikasi zituzten Lopategiren eskutik.

Enbeitak adierazi du Lopategiren eragina ez dela mugatzen oholtza gainean dabiltzan bertsolarietara. "Bertsolaritza ez da bakarrik bertsotan egitea. Batzuk ez gara bat-batean aritu eskolartekotik harago, baina ahozkotasuna landu dugu, idatzi egiten dugu, kazetaritzan aritzen gara". Oholtzatik haragokoa da Lopategiren eragina.

Gaur, Lopategi hil dela jakin denean, esker oneko hainbat mezu zabaldu dituzte haren ikasle ohiek eta ezagun izan zutenek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.