AHT

%27ko gainkostua du AHTa Gasteizen sartzeko proiektuak

139 milioi garestitu da abiadura handiko trena Arabako hiriburuan sartzeko aurrekontua, oraingoz, Espainiako Kontu Auzitegiak egindako ikerketa baten arabera. Proiektua gauzatuko den “zalantza” dagoela gaineratu du.

Erakundeetako ordezkariak, joan den hilean, Gasteizko proiektuaz hitz egiteko egndako bileran. EFE
inaki petxarroman
2019ko otsailaren 8a
15:09
Entzun

AHTa Gasteizen eta Espainiako eta Herrialde Katalanetako hainbat hiriburutan sartzeko proiektuetan —sartzea eta geltokiak eraikitzea hartzen ditu aintzat— 7.600 milioi euroko gainkostua dagoela jakinarazi du Espainiako Kontu Auzitegiak, txosten baten bidez. Gasteizen kasuan, %27koa da gainkostua, txostenak aztertu duen aldirako.

Tren lasterra Gasteizen sartzeko protokoloa 2010eko martxoaren 5ean hitzartu zuten Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Aldundiak eta Gasteizeko Udalak. 511 milioi euroko aurrekontua aurreikusi zioten orduan. Geroko proiektuek, baina, 640 miliora igo dute egitasmoa. Gainera, kontu auzitegiak ohartarazi du proiektua gauzatuko ote den “zalantza” dagoela oraindik.

Aldi berean, kontu auzitegiak abisua eman die erakundeei: AHTaren sarrera lur azpikoa izatea oso garestia da, eta aholkua eman dio Sustapen Ministerioari beste aukera batzuk aztertzeko. “Lur azpitik sartzea ez da ezinbestekoa ez zerbitzu on bat eta ez trenbide sarearen funtzionaltasuna bermatzeko”.

Urtarrilean sinatu dute erakundeek Gasteizen lur azpiko konexioa garatzeko proiektuaren protokoloa. Horren arabera, 724 milioi euroko proiektua izango da, eta, beraz, kontu auzitegiak txostenean aipatutako gainkostua motz geratuko litzateke jadanik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.