Alderdi eta eragile independentistek epaiketako saio "bukaezinak" salatu dituzte

Manuel Marchena epaileak saio luzeegiak "behartu" dituela adierazi dute. Nabarmendu dutenez, baldintza horiek preso dauden auzipetuen defentsarako eskubidea urratzen dute.

Toni Morral Crina Nacionaleko idazkari nagusia, gaur goizean, Espainiako Auzitegi Gorenaren inguruetan, hedabideei adierazpenak eginten. CRIDA NACIONAL, @CRIDANACIONAL
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko otsailaren 21a
14:55
Entzun

Ia 12 ordu iraun zuen Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako epaiketaren atzoko saioak, Espainiako Auzitegi Gorenean. Josep Rullek, Dolors Bassak, Meritxell Borrasek eta Carles Mundok deklaratu zuten. Saioa 22:00ak baino minutu batzuk lehenago amaitu zen, eta gaur 10:00ak baino minutu batzuk beranduago hasi da epaiketako seigarren saioa. Hori dela eta, espetxean diren auzipetuek "atseden hartzeko denbora gutxi" izan dutela adierazi du Toni Morral Crida Nacional per la Republicako idazkari nagusiak. Zehazki, Jordi Sanchezen eta Jordi Cuixarten egoera aipatu du. Biek gaur deklaratuko dute Gorenean, eta 17 urte arteko espetxe zigor eskaerei egingo diete aurre.

Eduard Pujol JxCko bozeramailearen esanetan, "onartezina" da epaileak saioa luzatu eta "makina behartzea". Horek egoera "ankerra" sortzen duela salatu du. Pujolek azaldu du espetxean dauden auzipetuak goizeko 6etan jeiki behar izaten dutela, eta, ondorioz, ez dutela atseden hartzeko nahikoa astirik.

Ildo beretik hitz egin du Joan Ignasi Elena ERCko auzipetuen defentsaren bozeramaileak. Haren esanetan, epaiketaren antolaketak eta egutegiak "ez dute zentzurik". Elenak gaineratu du ez duela ulertzen apirilaren 28an Espainiako hauteskundeak egin aurretik epaiketa amaitzeko "presa".

Elisenda Paluzie ANCko presidentearen iritziz, atzoko saioa luzatu izana "berme prozesalen urratzea" da, eta aurretik beste hainbat izan direla ziurtatu du. Saio "amaigabeek" defentsarako eskubidea urratzen duela ziurtatu du.

Paluzierekin batera Madrilera joana da Marcel Mauri Omnium Culturaleko presidenteordea ere. Maurik aurreratu du Jordi Cuixart Omniumeko buruak "estatua akusatuko" duela bere deklarazioan, eta agian Felipe Borboikoak atzo egindako adierazpenei aipamen egingo diela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.