Sei hilabetera kondena, Baionako polizia etxea andeatu izanaz akusaturik

Baionako jaka horien manifestaldien inguruan atxilotu zuten T.T. italiar jatorriko emaztea otsailaren 2an;  geroztik preso dute Pauen; polizia etxea andeatu, tindaketak egin eta  DNA ematea ukatzea leporatu diote

auzitegi aitzinen elkarretaratzea antolatu zuten auzia salatzeko. GUIILAUME FAUVEAU
Nora Arbelbide Lete.
2019ko otsailaren 25a
20:06
Entzun

Paueko emazteen presondegian preso atxikitzen zuten otsailaren 4tik, eta auzitik landa berriz ere presondegira eraman zuten otsailaren 25 honetan T.T. italiar jatorriko emaztea. Orotara 6 hilabeteko presondegi zigorrera kondenatu eta Baionako auzitegiak. Lau hilabete ontasun publikoak andeatu izanagatik eta beste bi hilabete DNA ez eman izanagatik, guztiak fermu. Prokuradoreak 6 hilabeteko presondegi zigorra eskatu zuen, eta DNA ukatzeagatik beste 3 hilabete fermu. Pirinio Atlantikoetako  departamenduan sartzeko debekua ere eskatu zuen prokuradoreak.

Hemen auziaren haria

Oihu eta negar artean bururatu zen auzia. Lagun eta familiarrak harrituak kondenaren disproportzioagatik. T.T.ren  kontra ez zutela elementurik berretsi zuen bere aldetik ere Alice Becker-ek, T.T.ren abokatuak: "Epaia ez dut ulertzen. Harrigarria da. Dosierra izugarri hutsa da. Zuzenbide ikuspegitik, forma aldetik akatsak daude, eta funtsean ere, ez dute frogarik erakusten duenik nire bezeroa andeatze horietan inplikatua izan denik. Horregatik epaileei eskatu diet zuzenbide ikuspegitik begiratzea dosierra. Irakurketa juridikoa egitea. Baina ez dute hala egin". Dei egitea erabaki zuten. 

Adibidez, ez zegoen lekukorik ezagutu zuenik T.T. , ez irudirik non ikusten zenik, ez aztarnarik, ez aitortzarik. Bere aurka zuten elementu bakarra, bi arkatz markatzaile bere sakelan aurkituak. Bereziki Acab (All cops are bastards (polizia guztiak kabroiak dira)) idatzi izana leporatu zioten. Ezinezkoa zitekeela esplikatu nahi izan zien akusatuak. Saiakera bat egitea ere eskatu zien. Acab hori esprai berde batekin zela idatzia izan, bere markatzailea anitzez finagoa dela. Poliziei ere gauza bera propopsatu ziela atxiloaldian, markatzailea hartzea eta murru bat margotzea. Baina markatzaileen azterketarik ez zuten egin.  Eta dena den beste tindaketa eta kaltetzeak ere leporatu zizkieten. Dela horiz idatzi zirenak edo arrosez. Dela kamarak andeatu izana, agertu tintaketa guztiak egin izana, berinak hautsi izana. Kaltetze kolektiboak izan zirenak. Eta arau-hausteak, indibidualak izan behar direla azpimarratu zien abokatuak.  Funtsean, tintaketa eta kamera baten kasuan jadanik beste batzuk kondenatu zituen Baionako epaitegiak. Baina kontra esan hori ez zuten zehaztu epaileek.

Izan ere, auzi hau otsailaren 5ko auziaren jarraipen bat da. Egun horretan zuten epaitzekoa T.T. beste hiru akusatuekin, berehalako auzi batean. T.T.ren abokatuak denbora eskatu zuen auziaren prestatzeko. Onartu zioten denbora. Baina bitartean T.T. preso sartzea erabaki zuten, beren irudiko ez baitzuten garantiarik berriz agertzea auzitegira, italiarra baita. Beste hiruen kasuan, jadanik abisu arranguragarriak izan zirela azpimarratu zuten abokatuek. Tarbeseko gizonari zortzi hilabete presondegi jarri zizkioten, lau gibelapenarekin. Gersekoari sei hilabete, lau gibelapenarekin; eta baionarrari sei hilabete gibelapenarekin. 5.000 euroko kalte-ordainak pagatu beharko dizkiote salaketa jarri zuen poliziari. Hiru hauek zenbait ekintza aitortu zituzten. Dela tindaketa bat, harri bat jaurti izana, ala kamara bat bota izana. Egun berean zuten bozkatu Frantziako diputatuek bazter-nahasleen aurkako legea, eta zentzu beretik doazela azpimarratu zuten, funtsean, orduan ere, abokatuek.


Prokuradoreak leporatu zion jantzi ilunez jantzia izatea, gau hartako kaltetzaileak bezala. T.T.k ezetz, gain zuri bat zuela. Prokuradoreak erantzun zion argazkitan hartua izatea ez zuenetz onartu, hori frogatu ezina dela. Orduan, abokatuak ihardetsi zion prokuradoreari atxiloaldiko argazkia aurpegiarena dela, eta ez zukeela balioko, ondorioz jantziak zein diren ikusteko. Orohar auzia horrela iragan zen. Frogarik ez zutela eta, testuingurua hauspotzen, bereziki prokuradorea. Leporatu zion sostengu komite bat izatea, bai interneten agiri bat argiratu zuena eta baita aitzineko auzian kantatu izana ukabila altsatuz. Funtsean akusatuari ere leporatu zion kantatu izana, baita ukabila altsatu izana. Akusatuak, erantzun zion ezinezkoa zitekeela esku burdinekin lotua baitzen. Ideia politikoak leporatzen zizkion ororen buru prokuradoreak. Argi agertu zen, baita epaileentzat ere, beste zerbait zegoela hor jokoan. Funtsean, prokuradoreak gogoratu zuen G7a hurbiltzen ari dela, aitzineko auzian bezala.

Akusatuari dagokionez, manifestaldira joan eta gero, polizia etxean gelditu zela esplikatu zuen, begira bakarrik zela gelditu, ez zuela deus egin. Gertatu izan zaiola Poloniara ere joatea, manifestaldiak segitzera. "Manifestaldi guztiak interesgarriak dira ulertzeko zer gertatzen ari den gizarte batean". Soziologian doktore da emaztea. Euskal Herria ezagutzera etorria zela esplikatu zuen. Beren hizkuntza dela eta, Euskal Herriko berezitasunak hobeki ezagutzeko. Bere erru bakarra izan zela ez lekuak hustu izana, baina besterik ez. "Nahi nuen begiratu. Arrisku hori hartu dut eta orain hemen nago" adierazi zuen auzi denboran, bere lekukotasuna ematea eskatu ziolarik epaileak, epaia aitzin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.