Forcadell: "Parlamentu demokratikoek auzi orori buruz eztabaidatzeko ahalmena dute"

Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko otsailaren 26a
18:38
Entzun

"Demokraziaren esentzia hitza askea izatea da". Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak eztabaida orori bide ematearen aldeko jarreran oinarritu du bere defentsa, Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako epaiketaren zazpigarren saioan. Goizean, bere aurretik, Jordi Cuixart Omniumeko presidenteak deklaratu du. Fiskaltza behin eta berriz saiatu da frogatzen Forcadellek muzin egin ziola Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak betetzeari, debeku horien berri izan arren. Parlamentuko presidente ohiak, ordea, ukatu egin du auzitegiari "entzungor" egiteko "borondatea" izan zuenik. Baina gaineratu du Konstituzionalak "ezinezkoa" zen eskaria egin ziola mahaiari: "Auzitegi Konstituzionalak parlamentuko mahaia erakunde zentsore bihurtzea eskatu zuen". Egoera horri aurre egiteko, diputatuen "oinarrizko eskubideak" bermatzeko beharra zuela ziurtatu du Forcadellek; baita parlamentuaren "subiranotasuna" ere.

Forcadellen defentsaren ardatzari heldu dio Olda Arderiu defentsa abokatuak, eta aipatu du Europako ehunka ordezkari parlamentariok adierazi diotela babesa Forcadelli. John Bercow Erresuma Batuko parlamentuko presidenteak parlamentari galestar baten galderari erantzunez berriki egin dituen adierazpenei egin die erreferentzia. Bercowen esanetan, guztiz legezko litzateke Erresuma Batuko Parlamentuak Galesko independentziari buruzko eztabaida egitea. Horrez gain, parlamentariek zigorgabetasunaren babesa dutela adierazi zuen, eta adierazpen librearen bitartez esaten duten ezer ezin izango dela erabili haiek zigortzeko.

Argudio horiei heldu die Forcadellek ere. Kataluniako diputatuak zigorgabetasun parlamentarioak babesten dituela gogorarazi du epaimahaiaren aurrean, eta, beraz, parlamentuko eztabaidan adierazten dena ezin dela zigor iturri izan. Consuelo Madrigal fiskalak muturrera eraman du Forcadellen argudioa. "Emakumeen salerosketa legeztatzeari buruzko eztabaida baimendu beharko litzateke?". Kataluniako parlamentuko presidente izandakoak argi adierazi du giza eskubideak direla eztabaidarako muga bakarra.

Auzitegi Konstituzionalak indargabetutako ekinaldien tramitaziora bideratu dute galdeketa fiskalak eta Rosa Maria Seone estatuko abokatuak. Hizpide izan dituzte Kataluniako Parlamentuko Prozesu Konstituziogilearen batzordea, Erreferendum legea, Trantsizio legea, 2017ko urriaren 10eko adierazpena eta urte bereko urriaren 27ko independentzia adierazpena, besteak beste. Ekinaldi horiei parlamentuan bide eman izanari buruz galdetu dio Forcadelli. Parlamentuko presidente ordeak azaldu du mahaiak ez duela onartzen dituen ekinaldiak Konstituzioarekin bat datozen ala ez datozen aztertzeko ardura. "Ezin da aurretiaz eztabaida ukatu". Gaineratu du, eztabaida izan aurretik ez dagoela jakiterik parlamentuak zein neurri onartu edo baztertuko duen, proposamena bera eztabaidan molda daiteke eta.

Forcadellen esanetan, beste kontu bat da eztabaidaren ondoren onartzen den neurriak zein ondorio juridiko dituen. Onartzen den neurri bat konstituzioaren araberakoa den ala ez den erabakitzeko ardura Auzitegi Konstituzionalari dagokio. Hari buruz esan du "azken urteetan" irizpide "politikoak" lehenetsi dituela, juridikoen gainetik.

Erreferendum legeari eta Trantsizio legeari dagokionez, Fiskaltzak eta Estatu Abokatutzak Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak ez betetzeko estrategia batekin lotu dute bi lege horiek tramitazio azkarraren bidez onartu izana. Forcadellek ukatu egin du halakorik. Azaldu duenez, talde parlamentarioek eskatuta eman zitzaien tramitazio azkarra. Ezarri zena irakurketa bakarreko tramitazioaren antzeko prozesura dela ziurtatu du, legezkoa dela eta Kataluniako Parlamentuan hainbatetan erabilia izan dela.

Urriaren 10eko eta 27ko adierazpenei buruz, berriz, nabarmendu du "adierazpen politikoak" izan zirela eta ez zutela ondorio juridikorik izan.

Forcadellek berretsi du ez duela sekula babestu indarkeriaren erabilera helburu politikoak lortzeko. "Nire oinarri politikoei uko egiteko prest nengoke, indarkeria eragingo balute".

Bestalde, Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak gaineratu duenez, berari leporatzen zaizkion erabakiak mahaiko gainerako kideekin batera hartu ditu. Ez du ulertzen zergatik mahaiko kide horiek Kataluniako Auzitegi Nagusian ari diren epaitzen, desobedientzia leporatuta, eta bera, aldiz, Auzitegi Gorenean, matxinada delituarengatik. "Bueno, bai; ulertzen dut", adierazi du.

Estrasburgora

Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo du Forcadell Espainiako Justiziak ezarri dion behin-behinean espetxeratzea salatzeko. Erabakia "neurrigabea" izan dela ziurtatu dute haren defentsa abokatuek. Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako epaiketan auzipetutako buruzagi independentisten artean, Estrasburgora jotzen duen lehena da. Espainiako Auzitegi Gorenean auzibidea agortu du eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebazpena eman zain dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.