Grebaren eragina

Bertan behera geratu da Eusko Legebiltzarraren gaurko saioa, grebaren eraginez

Txarli Prietok hasi eta berehala utzi du bertan behera saioa, soilik 36 parlamentari joan direlako gaurko saiora. PP ez beste alderdietako emakumeek greba egin dute.

jon ordonez garmendia
2019ko martxoaren 8a
10:15
Entzun

"Jaun-andreok, hartu lekua", esanez hasi du Txarli Prietok Eusko Legebiltzarraren kontroleko osoko bilkura. 09:33ak ziren. Bakartxo Tejeria parlamentuko presidenteak greba egin du gaur, eta PSEko ordezkariak ordezkatu du parlamentuko presidente gisa. Parlamentariak eseri direnean, ordea, zeudenak zenbatu eta, espero bezala, gaurko saioa bertan behera utzi behar izan dute, Prietok azaldu duenez.

Izan ere, EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EEko emakume legebiltzarkideek greba egin dute gaur. Denera 36 dira horiek, eta, hainbat arrazoirengatik, hiru gizonezko batu zaizkie. EAJko Joseba Egibarrek lana eta familia bateratzeko arazoak zituela argudiatu du; Kerman Orbegozo jeltzalea aitatasun baimen batekin dago; eta EH Bilduko Pello Urizar bidaia batean dago, ALE Europako Aliantza Librearen batzarrean.

Horiek horrela, denera 39 parlamentari izan dira joan ez direnak; joan direnak, 36. Horien artean zeuden Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Josu Erkoreka eta Bingen Zupiria sailburuak. Parlamentuan soilik PPren parlamentari emakumezkoak egon dira.

"Araudiaren 63. artikuluak jasotzen duenez, 38 parlamentari behar dira saioa egiteko, eta, kopuru horretara iristen ez garelarik, saio hau bertan behera geratzen da", adierazi du Prietok. Bi minutu eskas izan dira: Eusko Legebiltzarrean inoiz izan den saiorik motzena. Gaur da lehen aldia Gasteizko parlamentuaren saio bat bertan behera geratzen dena greba baten ondorioz.

"Feminismoaren aldeko" lehendakaria

Iñigo Urkulluk babesa adierazi dio feminismoari, eta berdintasunaren alde lan egitera konprometitu da. "Jakin behar dugu emakumeen aldarrikapen eguna dela, eta gizonezkoentzat kontzientziazio eguna ere badela, emakumeen berdintasunaren alde egunero lan egin behar dutela jakin behar dute", esan du. Eusko Jaurlaritzako sailburu emakumezkoak gaur ez dira legebiltzarreko oso bilkuran izan, eta ez dute agenda publikorik, lehendakariak baieztatu duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.