'Brexit'-a

Londresek eta Bruselak Irlandako mugaren protokoloa lotesle bihurtzeko akordioa lortu dute

Theresa May Erresumako lehen ministroak espero du Europako Batasunarekin atzo lortutako akordioak euroeszeptikoen jarrera leuntzea gaurko bozketan.

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa eta Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea, atzo gauean, Estrasburgon. VINCENT KESSLER / EFE
Igor Susaeta.
2019ko martxoaren 12a
10:59
Entzun

Theresa May lehen ministroak duela bi aste plazaratutako egutegia betetzen baldin badute, Erresuma Batuak aste honetan erabakiko du brexit-arekin zer egin. Hasteko, Londresek eta EB Europako Batasunak adostutako dibortziorako akordioa bozkatzekoak dira gaur, berriro, Komunen Ganberan. Joan den urtarrilaren 15eko bozketan, aurrenekoan, diputatuek zaplazteko galanta eman zioten Mayk Bruselarekin egindako itunari —230 botoren aldeagatik baztertu zuen parlamentuak—, eta, azken orduan akordioan aldaketarik egin ezean, diputatuek ezezkoa emango diote berriro. Hori saihesteko intentzioarekin, lehen ministroa bera Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearekin bildu zen atzo gauean, Estrasburgon. Bilera horretan, akordioa lortu dute Irlandako mugarako ezarritako backstop protokoloari eman beharreko interpretazio juridikoari dagokionez. Gauerdirako minutu batzuren faltan eman zuten akordioaren berri. Bi agintariek azaldu dutenez, "aseguru poliza" baten gisako erreminta ezarriko dute mugarako protokoloa loteslea izan dadin. Mayk nabarmendu du Erresuma Batuko Parlamentuak eskatutakoari erantzuten diola neurriak.

Junckerren esanetan, erreminta berri horrek brexit-ari buruzko "akordioa osatzen du, hura ireki gabe". Europako Batzordeko presidenteak azaldu du "ohiko polizen modura", hura erabiltzea ez dela beharrezkoa, baina aldeetako batek "fede txarrez" jardungo balu, besteak "iteera bat" izango lukeela. Akodrioak 1998ko bake akordioak errespetatzen ditu, Bruselaren iritziz, Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren artean muga bat altxatzea baztertzen duelako. Horrez gain, merkatu batasuna bermatzen duela gaineratu du.

Mayk adierazi duenez, "aldaketa lotesle" horiekin, argi gelditu da mugako protokoloa "behin-behinekoa" izango dela. "Ezarriko balitz, alternatibak bermatzen ditugu, parlamentuak eskatu bezala".

Junckerrek ziurtatu du ez dela brexit-erako akordioa negoziatzeko hirugarren aukerarik izango.

Ikusteko dago Londresek eta Bruselak azken unean lortu duten akordioak euroeszeptikoen jarrera aldatzeko gaitasuna izango duen. Duela bi hilabete, 118 diputatu tory-k eta Ipar Irlandako DUP Alderdi Demokrata Unionistako hamar parlamentariek brexit-erako akordioaren kontra bozkatzeko izan zuten arrazoi nagusia backstop-ari lotutako desadostasunak izan ziren. Protokoloaren xedea da muga gogor bat eragoztea Irlandan, 1998ko Ostiral Santuko bake akordioa babestearren. Azaroan hitzartutako akordioak ezartzen du brexit-a egin eta bi urteko trantsizio epea bukatu eta gero sartuko dela indarrean backstop-a, betiere ez badute itunik egiten Erresuma Batuaren eta EBren artean etorkizuneko harreman komertzialari buruz. Bitartean, Erresuma Batuak aduana batasunean jarraituko du, eta hori da euroeszeptiko tory-ek nahi ez dutena.

Mayk Bruselara bidalitako funtzionarioak protokolo hori nolabait arintzeko ahaleginak egiten aritu dira azken asteotan. Planteatu dute, esaterako, Erresuma Batuak bere kabuz atera ahal izatea protokolotik; protokoloari epemuga bat jartzea jarri dute mahai gainean, bestetik; baita nazioarteko bitartekaritza baten bidez konpontzea ere etorkizuneko harremana ezartzeko orduan bi aldeen artean sor litezkeen desadostasunak. EBk ezetz esan die hiru proposamenei. Atzo lortutako akordioak tory-en eta DUPekon jarrera zenbateraino bigundu dezakeen ikusiko da gaur.

Mayk hitzemandakoa betetzen badu, hurrengo egunek brexit-erako bidea argitzeko balio beharko dute; gainera, bi aste pasa baino ez dira gelditzen duela bi urte adostutako epemuga betetzeko.

Gaurko bozketan akordioari ezetz esaten badiote berriro, ikusi beharko da zenbatekoa den aldea botoetan; handia balitz, horrek toki zailean utziko luke May. Ez dirudi, ordea, lehen ministroak dimititzeko asmorik duenik.

Akordiorik gabeko dibortzioa hautatzeko moduan egongo dira bihar parlamentariak, baina tory euroeszeptikoenak ere ez daude ados aukera horren inguruan. Bihar bozketa egin eta Komunen Ganberak erabakitzen badu akordiorik gabeko irteera baztertzea, irteera data atzeratzeaz bozkatuko dute etzi. Baietz aterako balitz, Londresek eta EBk zehaztu beharko lukete noiz arte luzatu Lisboako Ituneko 50. artikulua. Mayk esana dauka ez duela prozesua asko luzatu nahi. Hori bai: luzatzea erabakiko balute, ezin da baztertu bigarren erreferendum bat egiteko aukera, ez eta beste akordio bat adostekoa ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.