Katalunia

Puigdemontek adierazi du Kataluniara itzuliko dela eurodiputatu akta eskuratzen badu

Nabarmendu du eurodiputatu karguak immunitatea bermatuko liokeela Europako Batasun osoan, "baita estatu espainiarrean ere". Aditzera eman du egoera horretan Generalitateko presidente izendatua izaten saiatuko litzatekeela berriz. Diputatu akta jaso ahal izateko, lege eragozpen ugari izango lituzke.

Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetua, artxiboko irudi batean. FELIPE TRUEBA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko martxoaren 12a
13:29
Entzun

"Diputatu akta eskuratzen badut, ni Kataluniara itzuliko naiz". Hitz horiekin eman du Carles Puigdemontek bere asmoen berri, RAC1 irrati kataluniarrean. Kataluniako presidente ohiak aurreko legealdiko ardurara itzultea du lehentasun, Espainiako Gobernuak 155. artikulua ezarri eta kargutik kendu zuenetik. Datorren maiatzean, Europako hauteskundeetan diputatu izateko hautatzen badute, helburua lortzeko bidea ireki daitekeela adierazi du.

PDeCATek Europako hauteskundeetarako zerrendaburu hautatu zuen, igandean, Puigdemont. Diputatu izateko boto nahikoa biltzen baditu, presidente ohiak Europako Parlamentuaren aitortza bilatuko du. Horretarako, eztabaida bultzatzen ahaleginduko da parlamentuan, diputatu gisa onartua izan behar al duen ala ez erabaki dezan.

Europako Parlamentuak diputatu gisa aitortuko balu, Puigdemontek immunitate bermea izango luke Europako Batasunean. Egoera horretan, posible jo du Kataluniako presidente izendatua izaten ahalegintzea. "Ondorio guztiekin eurodiputatu gisa aitortua banaiz, inbestidurarekin saiatu naiteke berriz ere".

Puigdemontek diputatu hautatua izanez gero immunitate bermea jasoko lukeen ez dago bat ere argi, ordea. Arrazoizko zalantzak daude bide horretan aurrera egiteko aukerei buruz. Batetik, diputatu akta hartu ahal izateko, Puigdemontek Espainiako Hauteskunde Batzordearen aurrean Espainiako Konstituzioari men egin beharko liokeela jasotzen du LOREG Espainiako hauteskunde legeak. Puigdemontek ziurtatu du ez litzatekeela derrigorrezkoa berak Madrilen eurodiputatu akta jasotzea. Orain arteko jurisprudentzian oinarrituta, "sinadura batekin" nahikoa litzateke, bere esanetan. Europako Parlamentuko bulegoak gaur bertan ukatu du, ordea, hori hala denik. Azaldu duenez, hauteskundeetara Espainian aurkezten denak, Espainiako legedian jasotakoa bete behar du. Parlamentuak gaineratu du derrigorrezkoa dela akta diputatuak berak jasotzea, legez jasotako salbuespen egoera bat ematen ez bada.

Bestalde, Europako Parlamentuaren araudiak dio eurodiputatu batek ez duela immunitaterik izango baldin eta diputatuak delitu bat egin badu edo erakundeek delitua egin izanaren susmoa badute harekiko. Puigdemonten kasuan, egia da ez duela bere kontrako euroagindurik, baina Espainian indarrean jarraitzen du bere aurkako atxilotze aginduak eta matxinada delituagatik auzipetuta dago. Horrez gain, Europako Parlamentuko araudiaren arabera, eurodiputatu bat "ezin da ikertua, atxilotua edo auzipetua izan Europako Parlamentari gisa adierazi dituen iritziengatik edo eman dituen bozengatik"; aldiz, ez du babes hori hedatzen diputatuen bestelako jardun parlamentariora.

Puigdemontek azaldu du alderdi independentistek "denbora luzea" daramatela bera presidente izendatzeko aukerak aztertzen. Izendatze telematikoa izan da aukera horietako bat. Orain, ordea, Europako hauteskundeekin bide berriak zabaldu daitezke. Aukera horiengatik "amaierara arte borrokatzea merezi du", Puigdemonten esanetan.

Azkenik, kontuan izan behar da Kataluniako diputatu izatea batera ezina dela eurodiputatu karguarekin. Beraz, Puigdemontek eurodiputatu akta hartu ahal izateko, Kataluniako diputatu akta utzi beharko luke, eta ezin izango luke Kataluniako presidente inbestitu.

Puigdemont eurodiputatu hautatuko balute, bere eserlekua hutsi gelditu litzateke diputatu akta lortu artean. Bere tokia ezingo luke zerrendako hurrengo hautagaiak hartu, Kataluniako presidente kargugabetuak aktari uko egingo ez balio.

Immunitatea lortzeko bidean oztopo ugari gainditu beharko dituela aitortu du Kataluniako presidente kargugabetuak. Bere esanetan, Europako Parlamentuko araudiaren arabera, Espainiako Hausteskunde Batzordeak "emaitzak eta aukeratuak izan diren diputatuak zein diren jakinarazi behar ditu. Kito". Hortik aurrera, diputatu gisa aitortua izateko lana egin beharko duela iragarri du, eta ziurrenik Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo beharko duela. "Abantailetako bat da Europa mailan borrokatuko dudala, eta horrek badu garrantzia".

Omenaldia

Kataluniako Parlamentuko mahaiak bultzatuta, omenaldia egingo diete espetxeratutako diputatuei. Legebiltzarreko ekitaldia martxoaren amaieran egingo dute, eta bertan Carme Forcadell ganberako presidente izandakoa, eta Raul Romeva, Dolors Basa, Jordi Turull eta Josep Rull kontseilari ohiak izango dituzte gogoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.