Espainiako Hauteskundeak

Bel Pozueta izango da EH Bilduren Nafarroako zerrendaburua Kongresurako

Altsasuko auziarengatik zigortutako gazteen guraso taldeko bozeramailea da Pozueta. Gipuzkoakoa, Mertxe Aizpurua izango da.

Bel Pozueta, artxiboko argazki batean. IñIGO URIZ, FOKU
2019ko martxoaren 13a
15:40
Entzun

EH Bilduk Nafarroako gizartean eragin sakona izan duen auzi bateko aurpegi ezaguna aukeratu du Espainiako hauteskundeetarako hautagai. Bel Pozueta soziologoa eta sexologoa da, baina, azken urteetan, Altsasuko auziarengatik egin da ezagun, Altsasu Gurasoak taldearen bozeramaile lanetan aritu baita. Adur Ramirez de Alda Auzitegi Nazionalak zigortutako gaztearen ama da. EH Bilduk arratsaldean aurkeztuko du Pozuetaren hautagaitza. Nafarroako zerrendaburuak prentsaurrekoa egingo du 17:30ean, Iruñean.

Koalizio subiranistak hainbatetan salatu du Altsasuko auzia Espainiako Kongresuan, gazteei egin zaizkien akusazioa eta ezarri zaizkien zigorrak neurrigabeak izan direla iritzita. 

Hurrengo legealdirako, akordioa sinatu dute EH Bilduk eta ERCk. Indarrak batuko dituzte Kongresuan eta talde bakarra osatuko dute. Hain justu, Pozuetak Kataluniako hainbat politikarirekin harremana landu du azken hilabeteetan. Hainbat politikari kataluniarrekin batera parte hartu du Espainiako Justiziaren jokabidea salatzeko ekitaldietan.

Joan den astean, Altsasuko gazteei ezarritako 13 urte arteko espetxe zigorrak berretsi zituen Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak. Martxoaren 24an, epaia gaitzesteko manifestazioa egingo dute Altsasun. Apirilaren 12an hasiko da hauteskunde kanpaina.

Mertxe Aizpurua, Gipuzkoako zerrendaburu

Gipuzkoan, berriz, Mertxe Aizpurua (Usurbil, Gipuzkoa; 1960) izango da zerrendaburua, Naiz.eus hedabideak berri eman duenez. Kazetaria eta Usurbilgo alkate ohia da Aizpurua, besteak beste; gaur egun, Gara-n dihardu lanean —egunkari horretako zuzendari ere izan zen 1999 eta 2004 artean—, eta 7K aldizkaria zuzentzen du. Udalbiltzako lehendakari ere izan zen legealdian (2013-2015).

EH Bilduk etzi emango du zerrenda proposamenen berri, eta asteburuan barne bozketa egingo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.