Ingurumena

NBEk agintariak ohartarazi ditu "inoiz ez bezalako larrialdi neurriak" hartu beharraz

Estatuak ez dira betetzen ari nazioarteko ingurumen itunik garrantzitsuenak, Nazio Batuen Erakundearen esanetan.

jarraia163934.jpg
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko martxoaren 13a
15:39
Entzun

Lur planetaren ingurumen egoerari buruzko GEO-6 txostena aurkeztu du, gaur, NBEko Ingurumen sailak, nazioarteko erakundeak Nairobin egin duen batzarrean. Ikerketaren emaitzetan oinarrituta, erakundeak ondorioztatu du estatuak ez direla neurri nahikoa hartzen ari 2030. eta 2050. urteetarako ezarri zituzten helburuak bete ahal izateko. Klima aldaketari aurre egiteko, garapen jasangarria bultzatzeko eta ingurumena zaintzeko konpromisoak hartu zituzten urte horietarako. "Larrialdi neurriak behar dira orain", dio txostenak. Gainera, ohartarazi du inoiz ez bezala zabaldurik ezarri behar direla neurri horiek, gizakiaren osasuna babesteko eta ingurumenaren arazo globalei aurre egiteko.

NBEk nabarmendu du erronkei heltzea posiblea dela, eta jakina dela zer neurri bultzatu behar diren. Neurri horiek Parisko Akordioan eta Garapen Jasangarrirako Helburuetan daude jasota: bioaniztasunaren galera geldiaraztea, airearen kutsadura murriztea, uraren eta baliabideen kudeaketa hobetzea, klima aldaketa ahultzea eta hari egokitzea, energia modu eraginkorrean erabiltzea...

GEO-6 txosteneko emaitzen arabera, estatuak "geldoegi" ari dira neurri horiek ezartzen, eta, kasu batzuetan, "kontrako bidean" doaz. "Larrialdi neurriak hartzeko gaitasun falta jarraituak ondorio kaltegarri eta potentzialki itzulezinak izaten ari da ingurumenaren oinarrizko baliabideetan eta gizakiaren osasunean".

Parisko Akordioa betetzeko, berotegi efektua eragiten duten gasen isuria %40 eta %70 artean murriztu beharko litzateke 2010. urtetik 2050era bitartean. 2070erako, eten egin beharko lirateke isuriak.

Ikerketa 70 herrialdetako 250 zientzialarik osatu dute. NBE 1997an hasi zen ingurumenaren egoerari buruzko GEO txostenak egiten. Ordutik egindako ikerketen arabera, "ingurumenaren egoera orokorrak mundu osoan egin du okerrera". NBEren Ingurumen sailak adierazi du herrialde jakin batzuen ahaleginak oztopo dituela "jasangaitzak diren ekoizpen eta kontsumo eredua" eta klima aldaketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.