CAN

Laukoak Espainiako Auzitegi Nazionalera bidaliko ditu ‘CAN auziko’ ikerketa batzordearen ondorioak

Nafarroako Gobernuko alderdiek nabarmendu dutenez, "Enrique Goñi jaunak eta bere taldeak hartutako erabaki estrategiko kaskarrak" azalarazi ditu CANi buruzko ikerketa batzordeak, gehienbat, Espainiako Bankuaren txostenak oinarri hartuta.

CANi buruzko ikerketa batzordearen azken bilkuretako bat, otsailean. NAFARROAKO PARLAMENTUA.
2019ko martxoaren 13a
16:49
Entzun

"Nafarroako Kutxa de facto desagertu egin da". CAN auziko ikerketa batzordearen ondorioen txostena halaxe hasten da, eta badu mamia: laukoaren iritziz, negozio eredua aldatu izanak eta aurrezki kutxako arduradunek barne-kontrol funtzioak egiteari uzteak eragin zuen hondoratzea. Orain, gobernuak parlamentuko mahaiari eskatu dio Espainiako Auzitegi Nazionalera bidaltzeko ondorio horiek. Izan ere, eredu aldaketa hori Enrique Goñi zuzendari ohiak bultzatu zuela ondorioztatu zuten, eta kargu horretara iritsi zela "soilik UPNko buruzagien borondatez".

Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak ohar bidez azaldu dutenez, "Goñi jaunak eta bere taldeak hartutako erabaki estrategiko kaskarrak" azalarazi ditu ikerketa batzordeak. "Besteak beste, Caja Sol Banca Civican integratzera eraman zuena, eta Nafarroako Kutxarentzat azken kolpea ekarri zuena, nahiz eta aurrez jakin zein zen Caja Solen egoera". Ondorio horiek, gainera, dokumentu "asko" oinarri hartuta atera dituztela azaldu dute lauko gobernuko kideek; gehienbat, Espainiako Bankuaren txostenak oinarri hartuta.

Otsailaren amaieran bukatu zuen bere lana Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordeak, eta ondorioen alde bozkatu zuten Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak; UPNk, PSNk eta PPk, aldiz, aurka. Aurreko legealdian ere egin zituzten saiakerak halako ikerketa batzorde bat sortzeko, baina UPNk eta PSNk eragotzi zuten. Laukoak gobernua hartu ondoren, 2016ko apirilean osatu zuten batzordea. Bi fase izan ditu: lehenik, urte eta erdi behar izan zituen dokumentazioa lortzeko, eragozpen ugari izan baititu informazioa biltzeko; bigarrenik, iazko apiriletik hainbat agerraldi egin dituzte.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.