Biktimen legea

Azken urratsa egitea falta zaio motibazio politikoko biktimen legeari

Gaur eguerdian, batzordean, legearen eduki nagusia babestu du laukoak, eta aurkeztutako 26 zuzenketatik hamabi onartu ditu, horietatik bost PSNrenak.

Jose Luis Canoren, Gladys del Estalen, Mikel Zabalzaren eta German Rodriguezen senide eta lagunak izan ziren lege proposamenaren aurkezpenean, Iruñean, urtarrilean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2019ko martxoaren 13a
21:18
Entzun

Martxoaren 21ean, eskuin muturreko taldeek eta poliziek eragindako indarkeriaren biktimen lege berria izango du Nafarroak. Laukoak urtarrilean lege proposamena aurkezteko asmoa agertu zuen, eta bere bidea egin du Parlamentuan: lehenik aintzat hartua izan zen eta gaur batzordean, azkenaurreko pausoa eman da. 

Hasierako lege proposamenari hamabi zuzenketa gehitu zaizkio. Horien artean, PSNren bost onartu dira. Horietako baten arabera, legetik kanpo geratuko dira, "helburu terrorista bat izanik, armak edo lehergaiak manipulatzen zihardutela zauritutako edo hildakoak". PSNko Inma Juriok defenditu du testu hori sartu ezean, legeak pertsona horiek aitortu zitzakeela. EH Bilduko Bakartxo Ruizek "gezurra" esatea leporatu dio: "Irakur ezazu lege proposamenaren izenburua, eskubideak urratu zaizkien biktimak aitortu nahi dituelako eta pertsona horiek inondik inora tokirik ez dute legean. Ez egin tranparik".

Uztail amaieran, Auzitegi Konstituzionalak 2015eko legearen artikulu nagusiak baliogabetu ondotik, irallean lege berriaren edukia hitzartzeko negoazioak hasi zituzten Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-Orain Baik eta Ezkerrak. Proposamena hitzartu ondotik, Parlamentuan PSNk ere bat egitea bilatu dute.

Inma Jurioren arabera, "segurtasun juridikoa bermatzeko" eta Auzitegi Konstituzionalak berriro ere legea baliogabetu dezan eragozteko", legeak "biktimei erreparatu beharko lioke eta ez egileei". "Esan da legea urardotu egin dela. Auzia ez da ardo gehiago botatzea, baizik eta Konstituzionalaren baldintzak betetzea".

UPNk eta PPk argi utzi dute datorren martxoaren 21ean legearen aurka bozkatuko dutela. Carlos Garcia Adaneroren arabera, iraganeko indarkeria gatazka baten ondorio izan zela dioen kontakizuna indartu nahi du legeak. PPren arabera, "auzitegi paraleloak" sortu nahi dituzte.

Geroa Baiko Koldo Martinezek esan du, muga guztien gainetik, "posibilista" izan behar dela eta helburua dela biktimak aitortzea eta erreparatzea. EH Bilduko Bakartxo Ruizen ustez, "ez da arazo tekniko edo juridikoa, politikoa baizik". Bere ustez, "orain arte isilpean egon diren errealitate batzuk azaleratzeko arazoak dituzte zenbait sektore politikok. Biktima batzuk bakarrik daudela dioen errelatoa gezurra da, hori da botere faktiko batzuek onartu ezin dutena”.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.