Klima aldaketa

Auzitara eraman dute Frantzia, klima aldaketaren aurkako neurririk ez hartzea egotzita

Gobernuz kanpoko lau erakundek jarri dute salaketa Parisko Administrazio Auzitegian. Aurrez, gauza bera egin dute Pakistanen, Kolonbian eta Herbehereetan ere.

Klima aldaketaren aurako protesta bat, otsailean, Parisen. JULIEN DE ROSA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko martxoaren 14a
13:14
Entzun

Frantziako Greenpeace, Nicolas Hulot Fundazioa, Notre affaire a tous eta Frantziako Oxfam gobernuz kanpoko erakundeek auzitara eraman dute Frantziako Gobernua. Leporatzen diote klima aldaketaren aurkako neurri nahikorik ez hartzea. "Zuzenbide estatu batean gaude, eta hura ekitera derrigortu genezake", azaldu du Cecile Duflotek, Frantziako Oxfameko arduradunak eta Ekologia ministro izandakoak.

Ekinbidea ez dute soilik Frantzian jarri martxan. Pakistan, Kolonbia eta Herbehereak ere auzitara eraman dituzte. Salaketen helburua da gizartea ohartaraztea klima aldaketa geldiarazteko neurriak ez betetzeak dakartzan arriskuez.

Frantziaren kasuan, Trantsizio Ekologikorako ministro François de Rugyk plazaratutako ohar baten harira etorri da salaketa. De Rugyk kritikatu egin zuen gobernuz kanpoko erakundeen jarrera, esanez Frantziak hainbat neurri hartuak dituela klima aldaketari  aurre egiteko.

Baina egindako urratsak gutxietsi egin ditu Greenpeacek. Hark azaldu du salaketaren helburua ez dela Gobernuaren aurka egitea, eta bai, aldiz, gogoraraztea haren eginbeharren artean dagoela ingurumena babestea eta, horri lotuta, CO2 isuriak gutxitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.