Alpinismoa

Txikonen taldeak K2tik buelta egitea erabaki du

"Onik" itzuli da Txikon K2ko lehen kanpalekura, Cheppal, Walung eta Pasang xerpekin batera. Haizeteek eragotzi diete 7.000 metrotik gora jarraitzea.

jarraia164111.jpg
2019ko martxoaren 17a
08:35
Entzun

Azkenean ezin izan dute. Saiatu, saiatu dira K2ko gailurra (8.611 m.) neguan igotzen, baina haize gogorra ibili da azken egunetan, eta ezin izan dute aurrera jo. Txikonek eta Cheppal, Walung eta Pasang xerpek berri agentziei azaldu dietenez, 7.000 metro inguruan pasatu zuten larunbatetik iganderako gaua, haizeteek asko zailtzen baitzietan gorantz jarraitzea. Igandean egoera hobetuko zen esperantza bazuten, baina buelta egin behar izan dute azkenean. "Onik" iritsi dira lehen kanpalekura.

"Hirugarren kanpalekuaren azpikoa muntatu dugu, ondo inprobisatu dugu", jakinarazi zuten alpinistek larunbatean. "Haizete handiak zeuden eta izozten ari ginen, nahiz eta eguraldi zoragarria eduki. Argazki eta bideo ederrak dauzkagu, baina haizea gogor jotzen hasi da, gero eta indartsuago. Gaua hemen pasatuko dugu, eta ikusiko dugu". Igandean, azkenean, behera egin behar izan dute.

K2 da neguan igotzeke dagoen zortzimilako bakarra. Lau saiakera baino ez dira egin, eta urrunen iritsi zen espedizioa Denis Urubkok eta Piot Morawskik 2012an antolaturikoa izan zen —7.650 metrora iritsi ziren—. Azken bi urteetan Txikon Everestera oxigenorik gabe igotzen saiatu da, eta pilaturiko esperientzia baliatu nahi zuen K2 neguan igotzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.