eh bildu

Otegi: "Berdinen arteko euskal errepublika nahi dugu"

'La Jornada' Mexikoko kazetak elkarrizketa egin dio EH Bilduko koordinatzaile nagusiari. Gatazka politikoaren "irtenbidea, itundutako erreferenduma" egitea izango dela uste du.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, gaur, Mexikon, 'La Jornada' egunkariarekin.
2019ko martxoaren 19a
11:32
Entzun

Mexikon dabil azkeneko egunetan Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, eta gaur La Jornada egunkari ezagunak egin dion elkarrizketan euskal errepublikaren egitasmoaz hitz egin du. Nolakoa nahiko lukeen galdetu diote. "Ulertzeko oso erraza den moduan laburbiltzen dugu: berdinen arteko euskal errepublika", erantzun du.

Gatazka politikoaren "irtenbidea", Euskal Herriak —eta Kataluniak— Espainiako Estatuarekin "itundutako erreferenduma" izango dela uste du Otegik. Hori erdiesteko, baina, Madrilera "herri gisa" joan behar dela aldarrikatu du. "Ezin gara Madrilera alderdi bezala joan, herri gisa baizik. Jendeari galdetuko diogu ea ados dagoen [EAEko estatus politkoaz]". Iritzi dio "pazientzia" izanda, euskal herritarrek ere bozkatuko dutela zer izan nahi duten.

Aldiz, Espainiako Estatuari "lotuta" segituz gero, "indar erreakzionarioen" menpe egongo direla dio Otegik, eta hori XIX. mendera itzultzea bezalakoa izango dela. Hiru dira, haren arabera, estatuak dituen krisiak: ekonomikoa —eta EH Bilduko buruzagiak dio Madrilek ez duela eredu alternatibarik—; lurralde mailakoa —Kataluniako prozesuak eragindakoa—; eta ETArik gabeko egoerak sortu diona. "Mahai gainean ideien eztabaida dagoenean, haiek indarra baino ez dute erabiltzen Espainiako Estatuari batuta eusteko".

Pasa den igandean BERRIAk argitaratu zuen Otegiren elkarrizketa.

Gaurko agenda

Mexikoko intelektual ezagunekin bilera izango du Otegik, Giza Eskubideen egoitzan hitzaldi bat emango du eta hartueman instituzional batzuk egingo ditu —Marti Batres Senatuko presidentearekin bilera egin du—.

Atzo Cuauhtemoc Cardenasekin bildu zen. Politikari, Internazional Sozialistako ohorezko presidente eta fundazio horretako buruetakoa da Cardenas. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.