Ingurumena

Fuel olioz kutsatutako hegazti bat agertu da Hendaiako hondartzan

Hilda zegoen zanga bat da, eta gorpuaren %70 fuel olioz estalita du. Autopsia egin arte, Grande America ontziaren ezbeharrarekin zerikusirik ba ote duen ziurtatzea "ezinezkoa" dela adierazi dute Hegalalda elkarteko kideek.

Argonaute ontzia, Arroxelako kostaren parean itsasoko fuel olioa ateratzen. MARINE NATIONALE / HANDOUT
2019ko martxoaren 20a
13:00
Entzun

Atzo arratsaldean jaso zuen Hegalaldia elkarteak fuel olioz kutsatuta hildako hegazti bat, France Bleu irratiak berri eman duenez. Gorpuaren %70 fuel olioz estalita daukala azaldu dute elkarteko kideek, eta olio "trinkoa eta nahiko freskoa" dela zehaztu dute. Probak egin arte, ordea, ezin dute baieztatu joan den igandean Arroxelako kostaren parean su hartu zuen Grande America ontziaren ondorioa ote den. Sula bassana erako zanga bat da.

Martoaren 10ean izan zuen ezbeharra Grande America ontziak Bizkaiko Golkoan, Frantzian, Arroxela hiritik 300 kilometro ingurura. Su hartu, eta azkenean hondoratu egin zen asteartean, 2.200 tona fuel olio zeramatzala. 2.000 ibilgailutik gora eta 365 edukiontzi ere bazeramatzan, eta edukiontzi horietako 45ek merkantzia arriskutsuak zituzten.

Hegaztiaren laginak gaur bertan bidaliko dituzte Cedre kutsatutako urak ikertu eta dokumentatzeko zentrora, eta egun batzuk beharko dituzte ondorioak ateratzeko.

France Bleu irratian Stephan Maury Hegalaldia elkarteko presidenteak azaldu duenez, "zalantzazkoa" da hegazti hark 100 kilometroko bidea egin izana fuel olioz hain kutsatuta, "baina anialiak gai dira balentria izugarriak" egiteko: "Zuhur jokatu behar dugu azken datuak eduki arte".

Pirinio Atlantikoetako Prefeturak larrialdi zerbitzuak aktibatu ditu, baina oraingoz, ez du aurreikusten ezbeharrak euskal kostaldean ondoriorik izatea. Hegalaldia elkarteko aditua ere bat dator: "Gaur-gaurkoz, ez dago alde handirik neguko mareek urtero Bretainiako kostara neguko ekartzen duten kutsadurarekin alderatuta".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.