'BREXIT'-A

Dibortzioaren data ekainaren 30era arte atzeratzea eskatu dio Mayk Bruselari

Europako Batzordeak maiatzaren 23ra arte atzeratu nahi du

May, gaur, Komunen Ganberan. EFE
Igor Susaeta.
2019ko martxoaren 20a
07:31
Entzun

Komunen Ganberan mintzatu da Erresuma Batuko lehen ministroa, eta jakinarazi du Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteari gutun bat idatzi diola, atzerapena eskatuz. Hilaren 29a da, oraindik ere, brexit-erako data. Mayk parlamentariei adierazi dienez, ez dago dibortzioa ekainaren 30etik harago atzeratzeko "prest". Berez, Londresen eta Bruselaren arteko dibortziorako akordioa berriro bozkatzekoak ziren, gaur, parlamentuan, baina diputatuek jada bi aldiz bozkatu dutenez haren kontra, testuan "aldaketa garrantzitsuak" egin ezean hirugarrenez bozkatua izatez baztertu zuen ganberako presidenteak, herenegun.

Baina Reuters berri agentziak Europako Batzordearen dokumentu bat du esku artean, eta, horren arabera, Bruselaren brexit-erako asmoak beste batzuk dira. Dibortzioaren data atzeratzeko prest dago, baina "gehienez" maiatzaren 23ra arte. Maiatzaren 26rako daude deituta Europako Parlamenturako hauteskundeak. Horren harira, EBko funtzionario batek adierazi dio Reutersi, Erresuma Batuak hauteskunde horietan parte hartu ala ez apirilaren erdialderako erabaki beharko dutela.

Brexit-erako datari dagokionean beste aukera bat ere badago Bruselaren mahai gainean: luzapen hori "nabarmen luzeagoa" izatea. Lisboako Itunaren 50. artikulua luzatzeko, hau da, dibortzioaren data atzeratzeko, EBko 27 estatuek aho batez onartu beharra daukate eskaera.

Europar Kontseiluaren goi bilera egingo dute bihar eta etzi Bruselan, eta May hara joatekoa da.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.