Udal eta foru hauteskundeak

Esparzak gonbit egin dio PSNri hauteskundeen osteko akordioetarako

Navarra Suma hautagaitzako zerrendaburuak adierazi duenez, "Nafarroa oso ongi ibili da PSNk eta UPNk akordioak lortu dituztenean". Esparzak ziurtatu du ez duela akordiorik sinatuko Voxekin.

Javier Esparza Navarra Sumaren foru hauteskundeetarako presidentegaia. IDOIA ZABALETA, FOKU
2019ko martxoaren 22a
18:14
Entzun

Javier Esparza Navarra Sumaren foru hauteskundeetarako presidentegaiak keinua egin dio PSNri. Adierazi du koalizioaren lehentasuna Nafarroan gobernu konstituzionalista bat osatzea dela eta helburu hori lortzeko "atea irekita" izango duela "Foru Hobekuntzan eta Konstituzioan sinesten duten alderdi guztientzat". Gaineratu du Nafarroa "oso ongi" ibili dela "PSNk eta UPNk akordioak lortu dituztenean".

Esparza kezkatuta agertu da PSOEk azkenaldian hartu duen norabidearekin. Haren esanetan, "ezinegona" sortu dute "PSOEren eta Euskal Herriko eta Kataluniako independentisten arteko akordioek", baita PSNko zenbait agintariren adierazpenek ere, "Nafarroaren etorkizuna PSNren eta abertzaleen eskutik doala esaten dutenean". Navarra Sumako hautagaiak ohartarazi du abertzaleekin lortzen diren akordioak ez direla "doako", eta etorkizunean ere ez direla izango.

Hurrengo foru hauteskundeen ondoren, Nafarroan gobernatzea da Navarra Sumaren helburua, baina Esparzak adierazi du Maria Txibite PSNko presidentegaiak berak baino boto gehiago bilduko balitu haren inbestidura babesteko konpromisoa hartzen duela. Konpromiso bera hartzea galdegin dio Txibiteri.

Bestalde, bozen ostean Voxekin akordioak egitea baztertu du Esparzak. "Akordioak egin ditzakegu Foru Hobekuntza eta daukagun autonomia eredua babesten dutenekin. Nafarroa Espainiako beste probintzia bat izan dadin nahi dutenek ez dute akordiorik lortuko gurekin".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.