Afrika

Elkarrizketekin jarraitzea hitzartu dute Marokok eta Polisarioak

Rabat eta Mendebaldeko Saharako ordezkariak bi egunez elkartu dira Suitzan. Ez dituzte jarrerak hurbildu.

Marokoko delegazioa, gaur, Genevan (Suitza). VALENTI FLAURAUD / EFE
Berria
2019ko martxoaren 22a
19:05
Entzun

Marokok beste behin esan dio Fronte Polisarioari ez dagoela Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio eskubidea onartzeko prest, eta autonomia baino ez dio eskaini. "Autodeterminazioa ezin da erreferendum bati lotuta egon. Marokok ez du onartuko, eta kito", esan die kazetariei Nasser Burita Marokoko Atzerri ministroak, Genevako bilera bukatu ondoren. Fronte Polisarioaren ordezkariak, Jati Aduhk, autodeterminazio eskubidea "baldintzarik gabe" onartu behar dela defendatu du, eta Marokori eskatu dio lurralde okupatuetan atxilotu dituen "dozenaka preso politikoak" askatzeko.

Horst Kohler NBE Nazio Batuen Erakundearen Mendebaldeko Sahararako mandatariak antolatu du Suitzako bilera. Abendukoen jarraipena izan dira, eta berriro elkartzeko konpromisoa hartu dute bi aldeek, datarik zehaztu ez badute ere. "Inork ezin du espero berehalako emaitzak lortzea, jarrera asko guztiz aurkakoak baitira oraindik", adierazi du Kohlerrek prentsaurreko batean. "Baina batak besteari entzun dio, eta eztabaidak dauden arren, pauso garrantzitsua da konfiantza sortzeko".

Marokok 1975ean inbaditu zuen Mendebaldeko Sahara, eta Fronte Polisarioarekin gerran egon zen 1991ra arte. NBEren bitartekaritzarekin bi aldeek su-etena sinatu zuten 1991n, eta autodeterminazio erreferendum bat egiteko konpromisoa hartu zuten. Ordutik, baina, Marokok trabak jarri dizkio erreferendumari, eta Mendebaldeko Sahara gehiena kolonizatuta dauka —populazio eta baliabide ia guztiak dituzten lurraldeak—.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.