Gizartea

Gerra eta gastu militarra gaitzetsi dituzte Getxon, Espainiako armadako gerraontziaren parean

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak eta hainbat eragile antimilitaristek protesta egin dute gaur goizean, Getxon (Bizkaia). Bertan porturatuta dago Espainiako armadako Juan Carlos I.a gerraontzia. Kontrako erreakzio ugari eta ikusmina eragin ditu haren etorrerak.

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforaren protesta ekintza, gaur, Getxoko portuan, atzea Espainiako armadako Juan Carlos I.a gerraontzia duela. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko martxoaren 23a
08:12
Entzun

Espainiako armadako Juan Carlos I.a hegazkinontzia Getxora iritsi zen atzo goizean, Kantauri itsasoan ariketa militarrak egiten aritu ostean. Gerraontziaren porturatzeak kritika ugari eragin ditu. Besteak beste, Getxo Udalak adierazpen instituzional bat onartu du ontziaren porturatzearekin ados ez dagoela jakinarazteko. Asteburuan, "ate irekien jardunaldiak" antolatu ditu Espainiako armadak Getxon, eta gerraontzia bisitatzeko aukera eskaini du. Ikusmina piztu du gerraontziak eta ilara luzeak sortu dira goizean, ontzia barrutik ikusi ahal izateko. Portuan, protestak ere izan dira. Gerrak sortzen duen hondamendia eta gastu militarra salatu dituzte hainbat eragile antimilitaristek eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak. Mobilizazioekin bat egin dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek.

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak nabarmendu du gerrak direla herritarrak beren jaioterrietatik alde egitera behartzen dituen arrazoi nagusia. Salatu duenez, Getxon porturatu den ontzia gerra horietan parte hartzeko egina dago. "Bake operazioetan arituko balira, Mediterraneoan egongo lirateke iheslariak erreskatatzen", adierazi dute.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ere protestetan parte hartu dute. Nerea Gijarrubia EH Bilduren Getxoko alkategaiak adierazi du "gerra, miseria eta heriotza zabaltzen duen gerraontzia ez dela ongietorria, ez Getxon, ezta Euskal Herrian ere". Getxoko Udalari eta gainerako euskal erakundeei dei egin die neurriak hartzera, horrelako egoerak errepikatu ez daitezen. Azaldu du eskari hori jasotzen duen mozioa aurkeztu duela EH Bilduk Getxoko Udalean. Koalzioak herritarrak animatu ditu gaurko mobilizazioetan parte hartzera.

Elkarrekin Podemosek ere gastu militarra eta gerra negozioa salatu ditu. Tinixara Guantxe legebiltzarkideak gaitzetsi egin ditu "merkatua pertsonen gainetik jartzen dituzten politikak".

Ernai gazte erakundeak martxa bat egin du Getxoko portura.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.