Politika

Carlos Iturgaitzek politika utziko du

Europako hauteskundeetan PPren "irteera postuetan" ez egoteak bultzatu du erabaki hori hartzera. 2004tik europarlamentarioa da.

Carlos Iturgaitz, duela bost urte, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
enekoitz esnaola
2019ko apirilaren 3a
16:02
Entzun

Carlos Iturgaitz EAEko PPko presidente izandakoak politika utziko duela argitaratu du El Correo-k, gaur, eta hark gero baieztatu egin du Twitterren. 2004tik europarlamentarioa da, baina maiatzaren 26ko hauteskundeetan 17. tokian joango da PPren zerrendan eta ez du uste aterako denik. "Ustekabea, tristezia eta desilusioa" azaldu ditu "irteera postuetan" ez delako egongo. Bizkaiko PPko Kanpo Gaietarako idazkariorde eta Espainiako PPko Lankidetzarako idazkari karguak ere utziko ditu maiatzeko hauteskundeen ondoren.

"Politika lagako utzi dut eta nire bizitzaren aro berri bati ilusioz ekingo diot", idatzi du txio batean. Harro agertu da 28 urteko ibilbide politikoan Espainiaren batasuna defenditu duelako.

Europako 2014ko bozetan ere PPk 17. aurkeztu zuen, eta hamasei postu lortu zituen alderdiak. Dena dela, Miguel Arias Cañetek ez zuen aulkia hartu —Europako Batzordera joan zen—, eta horrek ahalbidetu zion Iturgaitzi europarlamentario izateko.

Europako Parlamentuan euskal eta katalan abertzaletasunaren aurka aritu izan dela aitortu du, haiek "gatazka nazioartekotzeko" xedea dutelako. "Garrantzitsua izan da euskal PP Europan egotea".

Iturgaitz (Santurtzi, Bizkaia, 1965) 1996-2004 artean izan zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko buru, Jaime Mayor Orejaren lekua hartuta. 1994tik 2004ra legebiltzarkide izan zen EAEn. 1991-1995ean Bilbon zinegotzi eta 1991-1993an Bizkaiko batzarkide.

Euskarazko hedabideetan mintzatu izan den PPko kide bakanatetakoa izan da, eta haietan esan du beretzat Euskal Herria zazpi lurraldeek osatzen dutela, baita euskal preso eriek ere libre egon beharko luketela. Abertzaleen aurka gogor jardun du, eta, batik bat, ETAren kontra. "[Euskal] Presoak kartzelan usteldu daitezela nahi dut", zioen Iturgaitzek 2011n, ezker abertzaleak estrategia aldatu berritan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.