Sexu abusuak

Haurren aurkako sexu abusuei aurre egiteko protokolo bat landuko du EAEko arartekoak

Abusu kasuei aurre egiteko mekanismoak eta erakundeen arteko koordinazioa hobetzea da helburua, Lezertuaren esanetan. Gaur egun, ez dago halako protokolorik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Manu Lezertua EAEko arartekoa, artxiboko argazkian. JUANAN RUIZ, FOKU.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko apirilaren 3a
17:34
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeek ez daukate haurren aurkako sexu abusu kasuei erantzuteko protokolorik. Hutsune hori ikusita, EAEko arartekoak jakinarazi du protokolo bat lantzeko asmoa duela, sexu abusu kasuak prebenitu, atzeman, biktimei arta eman eta erasotzaileak zigortzeko; eta, azken batean, delitu horiek argitara ateratzeko. Udazkenerako osatu nahi du proiektua.

Manu Lezertua EAEko arartekoak gaur eman du asmo horren berri, 2018ko jarduerari buruzko txostena aurkezteko agerraldian. Lezertuaren esanetan, sexu abusu kasuei aurre egiteko mekanismoak eta erakundeen arteko koordinazioa hobetzea da helburua, hainbat arlotan: osasunean, hezkuntzan, justizian eta gizarte zerbitzuetan. Gainera, arartekoak nabarmendu du oraindik ere ez direla salaketa asko jartzen, eta horrek zaildu egiten duela delitu horien aurka egitea.

Aratekoaren haur eta nerabeen inguruko bulegoko arduraduna ere izan da goizeko agerraldian. Elena Ayarzak azaldu du, azterketa batzuen arabera, bost haurretatik batek jasan duela sexu abusuren bat, eta publiko egiten diren gehienak familiaz kanpoko eremuetan gertatzen direnak izan arren, familia barruan gertatzen direla kasurik gehienak.

Astelehenean, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek sexu abusuei buruzko lantalde bat eratzea proposatu zuten Eusko Legebiltzarrean. Azken hilabeteetan 1970eko, 1980ko eta 1990eko hamarkadetako kasuak azalarazten ari direla aintzat hartuta, judizialki preskribatuta leudekeenei erantzun nahi diete horrela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.