21. Korrika

BERRIAk zuzenean berri emango du Korrikatik bertatik

Korriklika telebista saioa izango da egunero, 20:00etan; eguneko berri emango dute, eta umoreak eta arteak ere izango dute tartea. Korrika zuzenean ikusi ahalko da BERRIAren webean, Eitb.eus-ekin lankidetzan.

jarraia164779.jpg
2019ko apirilaren 4a
10:14
Entzun

Korrikari gertu-gertutik erreparatuko dio BERRIAk egunotan, lasterketatik bertatik. Interneten berritasun handiak izango dira. Batetik, iluntzero, 20:00etan, Korriklika telebista saioa izango da; eguneko berri emango dute, eta bi tarte berezi izango ditu: umorezko zati bat, Beatriz Egizabal eta Intza Alkain aktoreekin, eta Txakurgorria kolektiboko artistek ondutako tarte bat. Bestetik, Korrika zuzenean ikusi ahalko da BERRIAren webean, Eitb.eus-ekin lankidetzan. Elkarlanean eginda, gainera, lehen eta azken egunean telebista saio bereziak izango dira webgunean. Papereko egunkarian ere luze eta zabal emango da Korrikaren berri: eguneroko kronika eta erreportajeekin batera, bertsolari batek bertsoak jarriko dizkio Korrikari. Telebista saioan ere emango dituzte bertsoak.

Korriklika 20:00etan izango da ikusgai webgunean eta sare sozialetan. Garikoitz Goikoetxea kazetariaren bideo iruzkina izango da abiapuntua; elkarrizketak eta erreportajeak tartekatuko dituzte, eta umorezko atal bat ere izango da ikusgai: Ramoni eta Lohitzune. Beatriz Egizabal eta Intza Alkain aktoreek egingo dute atal hori; batek kirolari prestatuaren rola jokatuko du, eta besteak, Korrikan aurreneko aldiz aterako den adineko emakumearen rola. Txakur Gorria kolektiboko artistek Mugarrika atala egingo dute; aurreko Korriketako gertaera bat hartu eta marrazki batera eramango dute, testu batekin batera. Korriklika saioan, hurrengo eguneko ibilbidea eta ordutegiak errepasatuko dituzte. Halaber, eguneko irudien errepasoa egingo dute bertso batzuk entzuten diren bitartean. Papereko edizioan, egunero bertsolari batek bertsoak jarriko dizkio Korrikari, eta bertsolari horrek saiorako ere kantatuko ditu.


Intza Alkainek eta Beatriz Egizabalek esketxak egingo dituzte Berria TBko 'Korriklika' saioan.

BERRIAren webgunean atal berezitu bat izango du Korrikak. Une oro Korrika nola doan zuzenean ikusteko aukera egongo da —EITB.eus-en bitartez eta harekin elkarlanean—. Halaber, webgune berean infografia interaktibo bat egongo da, ibilbideko herriekin eta ordutegiekin. Argazki eta bideo bildumak, eta paperean argitaratutako artikuluak eta bertsoak ere eskura izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.