Migrazioak

Legez kanpoko itzulketak salatu dituzte, baita turistenak ere

Irungo Harrera Sareak eman du kasu horren berri, eta adin txikiko afrikar batena. Frantziako Estatuaren jarrera «arrazista» salatu du.

Migratzaile tade bat, Irungo udaletxearen aurrean. JUAN HERRERO (EFE)
2019ko apirilaren 4a
09:12
Entzun

Irungo Harrera Sareak salatu du Frantziako Poliziak «kontrol arrazistak eta itzulketa ilegalak» egiten jarraitzen duela, eta adin txikiko baten eta turista baten kasuak «dokumentatu» ditu.

Adin txikiko afrikar baten kasuaren berri eman du. Espainian adin nagusiko bezala erregistratu zuten, nahiz eta jaiotza agiria eduki eta hor zehaztu 16 urte dituela. Duela bi aste iritsi zen Irunera; Martindozenea aterpean bi egun igaro ondoren, Baionara joan zen, eta han migratzaileentzako aterpetxean lo egin zuen. Handik, Tolosarako (Okzitania) bidea hartu zuen, eta, Paue inguruan (Biarno) zegoela, Poliziaren kontrol batean gelditu eta, dokumentazio formala ez zeukanez, komisariara eraman zuten. Adin txikikoa zela esan arren, Poliziak Schengen lurraldeko sarreren europar datu basean kontsultatu eta ikusi zuen Espainiako Poliziak adin nagusiko bezala erregistratu zuela, eta Espainiara itzuli zuten.

Harrera Sarearen arabera, itzulketa hori legez kanpokoa da, gaztea adin nagusikotzat hartuta ere ez delako betetzen berehalako itzulketa ahalbidetzen duen Malagako Hitzarmena; Frantziako Estatuan zeraman denborak hitzarmenak aipatzen dituen lau orduak gainditzen zituen. Halaber, Frantziako poliziek legeak adin txikikoei bermatzen dizkien eskubideak urratu zituztela salatu du, eta gaztea errepide «kontrol arrazista» batean atxilotua izan zela.   

Beste kasu baten berri bat eman du sareak: Portugalera iritsi zen turista brasildar batena. Lisboatik Pariserako tren txartela erosi zuen; Hendaian, Frantziako Poliziak identifikatu eta Irunera itzuli zuen, nahiz eta pasaportea indarrean eduki eta legeak Schengen eremuan turistentzako legeak ezarritako 90 egunak ez gainditu. «Brasildar hiritarra beltza da. Beraz, argi eta ozen esan behar da kontrol arrazista izan zela, eta itzulketa ilegala», salatu du Irungo Harrera Sareak.

Europako Auzitegiaren epaia

Gisa horretako itzulketekin Frantziako Estatua giza eskubideak eta Europako legeak urratzen ari dela salatu du sareak. Eta gogoratu martxoaren 22an Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak eman zuen epaia, zeinak esaten duen itzulketa prozedurak salbuespena izango direla hirugarren lurralde bateko pertsona bat Europa barruko estatu kideren baten mugaren batean egoera irregularrean atxilotzen bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.