'Cabacas auzia'

Omenaldia egin diote Iñigo Cabacasi, hil zutenetik zazpi urtera

Haren lagunek nabarmendu dute asteon onartutako Biktimen Legeak ez duela Cabacas biktimatzat aitortzen.

Iñigo Cabacasen gurasoak, Jone Goirizelaia beren abokatuarekin, gaur, Cabacas hil zuten tokian, hari eskainitako omenaldian. ARITZ LOIOLA, FOKU
gotzon hermosilla
2019ko apirilaren 6a
08:00
Entzun

Urtero bezala, omenaldia egin diote Bilbon Iñigo Cabacasi, Ertzaintzak jaurtikitako gomazko pilota batek hil zuenetik zazpi urte igaro direla. Aurtengo omenaldia berezia izan da, lehenengoa izan delako auziari buruzko epaia kaleratu zenetik. Epai horren arabera, ertzain bakarra zigortu zuten Cabacasen hilketagatik, baina ez du espetxera sartu beharrik izan.

Gaztearen lagunek eta haren aita Manu Cabacasek nabarmendu dute bide judiziala ez dela oraindik amaitu, familiaren abokatuek helegitea jarri diotelako epaiari, eta horretan jarraituko dutela "justizia egin arte".

"Iñigo ez zen hemen kasualitatez lurrera jausi", esan du Cabacasen lagun Koldo Gutierrezek. "Bota egin zuten, pilota batek akabatu egin zuen. Eta arduradun asko daude egoera lazgarri horren atzean. Gogoratu behar dugu egun, berriki onartu den legearen arabera, Iñigo ez dagoela biktima moduan errekonozituta. Horregatik gaude hemen".

Manu Cabacasek esan du "tristea" dela "zazpi urteren ostean auzia ez dela amaitu esan behar izatea". Cabacasen aitaren aburuz, "benetako hiltzailea" da "agindua eman zuena, eta hori akusatuen aulkian eseri ere ez da egin". Berretsi du beren asmoa ez dela "Ertzaintzaren edo Jaurlaritzaren kontra jotzea, justizia egitea baizik".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.