Gizartea

Zaballan hil den azken gaztearen senideek "erantzukizunak" eskatuko dituzte

Administrazioak emandako tratua salatu dute, eta estatuaren zaintzapean hildakoen senideentzat protokolo bat eskatu dute. Salhaketak elkarretaratzera deitu du asteazkenerako, 12:00etarako.

Zaballan hil den azken presoaren senideak Salhaketako kideekin batera, gaur. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Jon Rejado.
2019ko apirilaren 8a
14:44
Entzun

Jonathan Costillas Rituertoren senideek bide juridikoak agortzeko asmoa ezagutarazi dute, 1994an jaiotako Zaramagako bizilagunaren heriotza eta horren arduradunak argitzeko. Iragan astelehenean ezagutarazi zieten gaztearen heriotza, Zaballako espetxean. Espainiako estatuak espetxean dauden pertsonen segurtasuna bermatu beharko lukeen heinean, gertakariaren erantzukizunak eskatuko dituzte.

Salhaketak gaur goizean prentsaurrekoa egin du Arabako espetxean hil den azken presoaren harira; hiru hil dira urtea hasi zenetik. Prentsaurrekoan egon dira zendutako gaztearen aita eta izeba. Hitzik egin ez badu ere, haren hausnarketak idatziz ezagutarazi dituzte.

Gaztearen heriotzaren berri eman zietenetik, administrazioaren jokabidea salatu dute. Nabarmendu dute bost egun behar izan zituztela haren gorpua ikusteko, eta gaur egun ere ezin izan dituztela berreskuratu hark espetxean zituen objektuak. Horiek eskuratzeko jarraibide kontrajarriak eman dizkietela azaldu dute.

Senideek protokolo bat eskatu dute, horren bitartez arautzeko senideekin izan beharreko tratua estatuaren ardurapean daudenen heriotza kasuetan. Protokolo horrek honako hau jasotzeko eskatu dute: senideei heriotzaren zergatia ezagutaraztea, baita medikuarekin horri buruzko zalantzak argitzea ere; hildakoaren ondasunak segituan jasotzea; prozesu juridikoaren berri eman, eta horretan parte hartzeko aukerak ezagutaraztea; errespetuzko eta enpatiazko tratua izatea; gorpua ahalik eta azkarrena ikusteko aukera, psikologo batek lagunduta, dolu prozesuan laguntzeko.

Salhaketak gogor kritikatu du azken heriotza, eta gogora ekarri du urtea hasi zenetik hirugarrena dela. "Epaitegietatik kanpo heriotza zigorra ezartzea dela pentsa daiteke", salatu du Cesar Manzanosek prentsaurrekoan. Halako egoeren aurrea egiteko zenbait neurri eskatu ditu, eta hirutan jarri du arreta berezia: Fiskalak ofizioz iker ditzala espetxean gertatutako heriotza guztiak; espetxeetako zuzendaritzek familiei informazioa eman diezaietela: familiei laguntza guztia ematea dolua pasatu eta gero erantzukizunak eskatu nahi izanez gero horretarako modua jakin dezaten.

Horrez gain, Salhaketak elkarretaratzera deitu du datorren asteazkenerako, 12:00etarako, Espainiako Gobernuaren Gasteizko ordezkaritzaordearen aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.