Espainiako hauteskundeak

PSOEk erraz irabaziko lituzke Espainiako bozak, eta gehiengo osorako modua luke UPrekin

EAJk 6 diputatu lortuko lituzke, EH Bilduk 3-5 eta Navarra Sumak 1-2.

Pedro Sanchez PSOEren presidentegaia, igandeko ekitaldi batean. JAVIER BELVER, EFE.
2019ko apirilaren 9a
16:46
Entzun

PSOEk erraz irabaziko lituzke apirilaren 28an Espainiako Kongresurako hauteskundeak, botoen %30,2 lortuta, CISek egindako inkestak dioenez. 123 eta 138 diputatu artean eskuratuko lituzke; gaur egun —2016ko ekainean izan ziren azkeneko bozak—, 84 ditu –%22,8ko babesa lortu zuen—. CISen arabera, onenean, UP Unidas Podemos gehien bozkatutako indarretan laugarrenarekin gehiengo osoa izateko moduan legoke PSOE, UPri 33-41 aulki artean ematen dizkiolako —botoen %12,9—. 179 aulki ematen ditu kalkulurik onenak; besteak, 156.  Gehiengo osoa izateko, 176 diputatu behar dira. UPk duela hiru urte 71 aulki lortu zituen, eta %21,3ko sostengua. 

PPk bukatuko luke bigarren Kongresurako bozetan, baina duela hiru urtekoaren erdia inguru galduta: orduan, 137 aulki eskuratu zituen, eta, orain, CISen inkestak dioenez, 66-76 artean lituzke —%17,2; aurrekoan, %33,3—. Ciudadanos izango litzateke hirugarren indarra: %13,6, 42-51 diputatu. Orain dela hiru urte: %13,2, 32 aulki. Voxek bukatuko luke bosgarren, botoen %11,9rekin eta 29-37 aulkirekin. 2016an, aulkirik ez, %0,2ko babesa. Eskuineko hiru indar horien artean, 137-164 diputatu lituzkete.

Euskal Herriko taldeei dagokienez, EAJk 6 ordezkari eskuratuko lituzke, eta, estatu osoa kontuan hartuta, botoen %1,3ko babesarekin. Gaur egun, 5 diputatu ditu, eta duela hiru urte, %1,1eko sostengua jaso zuen. EH Bilduk 3-5 diputatu artean lituzke —gaur egun, 2—, %1,1eko babesarekin —2016an, %0,7—. Eta Navarra Sumak indar berriak berriak (UPN, PP, Ciudadanos), 1-2 diputatu —CISek %0,1eko sostengua iragarria dio—.

Hego Euskal Herria, lurraldeka:

Araba: PSE-EEk 2, UPk 1, EAJk 1.
Bizkaia: EAJk 3, PSE-EEk 2, EH Bilduk 1-2, UPk 1-2.
Gipuzkoa: EAJk 2, EH Bilduk 2, PSE-EEk 1, UPk 1.
Nafarroa: PSNk 2, Navarra Sumak 1-2, UPk 1, EH Bilduk 0-1.

Hego Euskal Herrian PSE/PSN litzateke indar nagusia, 7 aulkirekin.

Inkesta egiteko, martxoaren 1 eta 8 artean 16.400 elkarrizketa egin zituen CISek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.