Andre Darraidou

«Kontsulta honek indarra ematen dio 46.000 izenpetze biltzeko kanpainari»

Andre Darraidou, Ezpeletako auzapez izateaz gain, Ipar Euskal Herriko Auzapezen Biltzarreko lehendakaria da, eta euskal departamenduaren aldeko hautetsi ezaguna.

Eneko Bidegain.
2005eko azaroaren 1a
11:32
Entzun

Emaitzak espero zenituzten bezain onak dira?

Pentsa genezakeen baino parte-hartze handiagoa izan da. Baziren presioak, auzapezek bozka ez zezaten. Presio haien gainetik horrelako parte-hartzea lortzeak ongi erakusten du auzapezek gai horretaz axola dutela. Emaitza bera ona da. %70era heltzea gustuko ukanen nuen, baina hala ere auzapezen keinu azkar bat da. Erran behar da bereziki departamenduaren aldeko auzapezek dutela baiezko boza eman. Ongi izanen zen aurkakoek ere alde bozka zezaten, baina aurka bozkatu dute.

Parte hartu duten auzapezen bi heren erreferendumaren alde daude, baina auzapez guztien erdia baino pixka bat gutxiago.

Alderantziz ere erran daiteke: aurkakoak %25 baizik ez direla. Nik ere badut zenbaketak egiteko joera hori, baina parte hartu ez dutenak ez dira kontuan hartzen, horrela da demokraziaren araua. Parte hartu dutenen artean, berriz ere bi herenak agertu dira alde. Emaitza ez da anitz aldatzen. Inkesta guztietan hein bera lortzen dugu. Horrek erran nahi du gai horretan konstante bat badagoela. Beti badago nukleo azkar bat auzapezen artean, departamenduaren alde.

Daniel Poulouk nahiago zuen berriz ere euskal departamenduaren alde ala kontra ziren galdetzea. Erraten du normala dela erreferendum baten alde izan dadin jendea.

Galdera hala izanik ere, ez zuen gauza handirik aldatuko. Departamenduaren aldekoek bozkatu dute alde. Ezezkoak irabaztea espero zuen. Ongi da horrelako ekimenak izan daitezen. Aldiz, bitxi da hautetsi diren pertsona batzuek zailtasunak ukan ditzaten hautesleei beren iritzia galdetzeko.

Zer indar ematen dio emaitza horrek euskal departamenduaren aldeko mugimenduari?

Horrek erakusten du euskal departamenduaren aldeko hautetsien taldea oraino indartsu dagoela. Nukleo azkarra badagoela berretsi dugu. Orain eztabaida zinez abiatu beharko da. Dei bat luzatzen diegu hautetsi handiei. Auzapezen gehiengoak argi eta garbi egin du kontsulta baterako deia. Auzapezek kontsultari baietz errateak indarra emanen dio 46.000 izenpetzeen bila joateko kanpainari.

Orain 46.000 izenpetze bildu nahi dituzue departamendu guztian. Erronka handia. Noiz eta nola abiatuko duzue kanpaina?

Ez dakit. Auzapezen Biltzarrak bere urratsa egin du. Izenpetze kanpaina antolatzea ez dago Biltzarraren esku. Beste elkarte batzuek hartu behar dute segida, Baterak edo Euskal departamenduaren aldeko hautetsien elkarteak. Interesgarria litzateke laster egitea eta postura horrek ematen digun indarra erabiltzea. Auzapezen bozketa erabili behar dugu eskaera kanpainarako.

Erronka zaila.

Lana da, baina jendea lanerako prest dago. Ipar Euskal Herriko biztanleen %20 dira. Horregatik da erabilgarria izanen auzapezen boza. Guk legean oinarritu nahi dugu, Konstituzioak ematen digun aukera berria erabiliz, hots eskaerarako eskubidea erabiliz. Hori da orain dugun bide bakarra. Dena den, Frantziako Estatuak du erabakiko. Eskaerekin Estatuarengana joanen gara. Ea 46.000 izenpetzeren aurrean zer duten proposatzekoÉ

Pirinio Atlantikoetako lehendakari Jean-Jacques Lasserrek auzapez guztiei gutuna igorri zien erranez prefetaren arabera ez dela departamenduaren eskumena erreferenduma antolatzea. Argumentu juridikoen borrokan hasiko zarete?

Ez, batere. Egia da araudien interpretazio bat egin genuela. Hori jurista baten laguntzarekin egin genuen. Baina Pirinio Atlantikoetako prefetak beste interpretazio bat egiten du. Ez gara eztabaida horretan sartuko, denbora galduko baitugu eta akituko baikara. 46.000 izenpetze bildu ondoan, zuzenean Estatuarengana joanen gara.

Hautesleek beren iritzia ematen badute ere, Estatua ez da behartua hori kontuan hartzera eta euskal departamendua sortzera.

Datorren urtean eskaera kanpainaren egiteak badu interesa, hauteskunderik gabeko urtea delako. Hautetsi batzuek erraten badute ez dutela Konstituzioa bete nahi, hautesleek ondorioak aterako dituzte 2007ko hauteskundeetan. Badakigu Estatuari ez diogula bortxaka emanaraziko amore. Estatuak blokeatzen badu, ezin izanen gara urrunago joan. Baina hautesleek ondorioak aterako dituzte.

Oraingo parlamentariek beren aulkia gal dezaketela uste duzu?

Edo aldatuko dira. Guk ez dugu Konstituzioaren bidetik atera behar. Beharbada, egun batez, joera politiko batzuek ulertuko gaituzte eta gure bidetik joanen dira.

Parlamentari diren auzapezek, Jean Grenet eta Didier Borotra, Baiona eta Miarritzekoek, ez dute bozketan parte hartu. Horien jarrerak ez dizkio zailtasunak ezarriko zuen xedeari?

Segur da ez dela gauza ona. Baiona, Angelu eta Miarritzen biztanleen %40 bizi da. Baina hiri horietan ere badira departamenduaren aldeko hautetsiak. Auzapez horien jarrera gaizki bizi dut. Haiek diote departamendua ez dela garrantzitsua. Alderantziz, departamendu batek hemengo arazoen kudeatzen lagunduko gintuzke. Haizea itzul daiteke, baina oraingoz ez dira jarrera horretan.

Haizea ez daiteke bestaldera itzul?

Euskal departamenduaren aldarrikapena ez genuen guk asmatu. Duela berrehun urte sortu zen. Indar handia duen aldarrikapena da, jendeek bere egiten dute. Euskal Herria maite dugu eta hobeki defendatua izan dadin nahi dugu. Beti norabide horretan lan eginen dugu.

Prefetak auzapez batzuen aurka hartu duen jarrera ezti dezake igandeko emaitzak?

Arlo juridikoa eta politikoa ez omen dira nahasten. Oldargarria da kondenatuak izan gaitezen. Horrek erakusten du madarikatu nahi gaituztela. Guk beti kasu eman dugu gauzak serioski egiten eta testuetan oinarrituz. Hain segur, ez zaie gustatzen irudi hori ukan dezagun, eta horregatik madarikatu nahi gaituzte. Bururaino joanen gara.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.