'Brexit'-a

EBtik irteteko epea urtebetez luzatzeko prest da Brusela, Londresek "leialtasunez" jokatzen badu

Erresuma Batuko Gobernuak baldintza horiek onartuko ez balitu, ekainaren 1ean irtengo litzateke Europako Batasunetik.

Theresa May lehen ministroa, Parisen, Emmanuel Macronekin bildu ondoren. JULIEN DE LA ROSA, EFE
2019ko apirilaren 10a
07:26
Entzun

Estatu kideek onartu behar dute oraindik Europar Kontseiluko buru Donald Tusken proposamena —arratsaldean egingo dute goi bilera—, baina lehen adierazpenen arabera, gehienak bat datozela dirudi. Hala, hura onartzen bada, Erresuma Batuko Gobernuak izango du azken hitza: alegia, prest ote dagoen brexit-a urtebetez atzeratzeko —Parlamentuak akordioa epe hori baino lehen onartuko balu, lehenago aterako litzateke EBtik—, edo nahiago ote duen ekainaren 1a arteko epea onartu.

Bi atal ditu Tusken proposamenak. Lehenik eta behin, Londresek negoziaziorako tartea urtebetez luzatzea onartuko balu, EBrekiko "leialtasunez" jokatuko duela hitzeman beharko luke. Hau da, beste urtebetez Batasuneko kide izanik, Europako bozetan parte hartzeaz gain, gainontzeko estatu kideekin "elkarlanean" ere aritu beharko luke. Horretarako, ordea, alde batera utzi beharko luke behin-behinean EBtik ateratzen denerako prest duen agenda.

Kontua da, Londresek ez duela nahi epea horrenbeste luzatzea. Theresa May lehen ministroak ekainaren 30era arteko tartea eskatu dio Bruselari, argudiatuz hori baino epemuga luzeagoak "ezegonkortasuna" eragingo lukeela herrialdean. Baina May behartuta dago gaurko goi bileratik aterako den proposamena onartzera, Erresuma Batuko Parlamentuak onartu baitu irteera data atzeratzeko lege proposamena, akordiorik eza eragozteko.

Dena den, Bruselaren baldintzak onartuko ez balitu, edo Londresek uko egingo balio Europako hauteskundeetan parte hartzeari, bigarren puntua sartuko litzateke indarrean, eta ekainaren 1ean EBtik kanpo geratuko litzateke herrialdea. Egun horretan, hautsitzat emango luke Bruselak Londresekin hitzartutako akordioa, eta brexit gogorra sartuko litzateke indarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.