Zientzia

Zulo beltz baten lehenengo argazkia egitea lortu du EHT teleskopioak

Munduan barreiatutako zortzi radioteleskopioren behaketa koordinatuari esker lortu dute M87 galaxian dagoen zulo beltzaren irudia jasotzea.

Zulo beltz baten lehenengo argazkia. M87 galaxian dagoen zulo betza da lehenengoz zuzenean behatzea lortu dutena.
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko apirilaren 10a
07:23
Entzun

Mundu osoko hainbat hiritian, aldi berean egin ditu publiko ikerketaren emaitzak EHT Gertakizunen Ortzimuga Teleskopioko zientzialari taldeak. Zulo beltz baten irudia eratzea lortu dute lehenengoz. Bi urteko ikerketa lanaren emaitza izan da, eta hari esker, posible izan da muturreko dentsitate altua duten objektu kosmiko horiek estrainekoz zuzenean behatzea. Adituek aurreratu dute ikerketan bildutako datuek aro berri bat irekiko dutela astronomian.

Orain arte zulo beltzen irudi ugari ikusi baditugu ere, guztiak fikziozko irudiak ziren, zeharkako metodologien bidez eraikitakoak. EHTko zientzialariek nabarmendu dute gaur aurkeztu dutena dela zulo beltz baten egiazko lehenengo argazkia. "Une historikoa da. Zulo beltzei buruz dugun ulermena eraldatuko du", adierazi du France Cordova AEBetako Zientzia Fundazio Nazionaleko zuzendariak.

EHT nazioarteko kontsortzioa munduan sakabanatutako zortzi radio teleskopiok osatzen dute. AEBetan, Mexikon, Txilen, Antartidan eta Espainian daude radioteleskopio horiek. Elkarrekin, Lur planetaren diametro bereko antena paraboliko baten antzera jarduteko gaitasuna dute. 2017an, bi zulo beltz behatzeko koordinatzea lortu zuten. Bata, Sagitario A* izenekoa; Esne Bidea galaxiaren erdigunean kokatuta dago. Bestea, are handiagoa da, eta M87 galaxian dago kokatuta. Azken horri eginikoa da gaur aurkeztu duten argazkia.


EHT egitasmoko zortzi teleskopioen kokapena. EHT

Behaketa koordinatua egin ahal izateko, EHTko radioteleskopioek une egokiaren zain egon behar izan dute; beharrezkoa izan baita proiektuaren parte diren zortzi behatokietan edo ia guztietan zerua garbi egotea. 2017ko apirilean gertatu zen, eta hamar gauez behatu zituzten bi zulo beltzak. Ondoren, datuak lantzen jardun duten ehunka ikerlarik hilabeteetan. Zulo beltzak argiaren bidean aldaketak eragiten dituenez, simulazio konplexuak egin behar izan dituzte azken irudia lortu ahal izateko.

Zulo beltzak ikusgaitzak dira, sortzen duten eremu grabitatorioa hain indartsua izanik, argiak ere ezin baitu eremu horretatik ihes egin. Zulo beltzaren inguruan dagoen gasak ahalbidetzen du, ordea, haren silueta atzematea. Irensten duen gasa milioika graduko tenperaturara berotzen da eta distiratsu bihurtzen da.

Albert Einsteinek iragarri zuen unibertsoan bazirela zulo beltzak, eta horien formak eta tamainak nolakoa behar zuen ere aurreratu zuen. Zulo beltz bat lehenengoz behatzeak Einsteinen ekuazioak eta iragarpenak berretsi ditu. Ekuazio horien arabera, grabitate indarrak espazio-denbora distortsionatu dezake eta zulo beltzak gertakari ortzimuga batean ezkutatzen dira. Muga horretatik aurrera, zulo beltzaren erakarpen indarra sahiestezina da. Gertakarien ortzimuga hori ikus daiteke EHT teleskopioak lortutako irudian.

EHT teleskopioak behatu dituen bi zulo beltzetatik, Sagitario A* da txikien. Hala ere, zulo beltz supermasiboa da Esne Bidearen erdigunean kokatuta dagoena. Eguzkiarena baino 4,3 milioi aldiz handiagoa da, baina konprimituta dago Eguzkiaren diametroa baino 30 bider handiagoa den gorputz batean. Lurretik gertuen dagoen zulo beltz supermasiboa da. 26.000 argi urtetara dago. M87 galaxian dagoen zulo beltza, berriz, Lurretik 50 milioi argi urte baino gehiagoko distantziara dago, eta erraldoia da Sagitario A*-rekin alderatuta. Bere masa Eguzkiarena baino 6.000 milioi aldiz handiagoa da, eta Esne Bidearena baino 1.500 aldiz handiagoa. M87 galaxia Virgo galaxia kumuluan dago, eta astronomia zaleek erabili ohi dituzten teleskopioekin ikus daiteke kumulu hori, Virgo konstelazioan.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.