POLIZIA

Polizia Legeari jarritako zuzenketak baztertu ditu Eusko Legebiltzarrak

PPk iragarri du EAJrekin eta PSE-EErekin negoziatzen ari dela, legegaia "hobetzeko". Bestalde, emakumeei ofizialorde izateko postu kopuru bat gordetzeko erabakia bertan behera utzi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Auzitegi Nagusiak.

Ertzaintzaren 24. promozioa, Arkautin, 2015eko irailean. DAVID AGUILAR / EFE
jon olano
2019ko apirilaren 11
11:35
Entzun

EAJk, PSE-EEk eta PPk bat egin dute gaur Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Polizia Lege erreformari aurkeztutako zuzenketak atzera botatzeko. Nerea Llanos PPko legebiltzarkideak jakinarazi duenez, bere talde politikoa jeltzaleekin eta sozialistekin negoziatzen ari da, jatorrizko testuari zuzenketa batzuk egin eta horren edukiak "hobetzeko" asmoz.

Prentsaurreko batean eman zuen atzo Llanosek negoziazioen berri, Javier Ruiz de Arbulo PPko legebiltzarkidea eta Erne eta Esan sindikatuetako ordezkariak alboan zituela. Sindikatuek eskerrak eman dizkiete EAJ, PSE-EE eta PPri, polizien sindikatuen eskari ugari aintzat hartzeko prest agertzeagatik.

Jaurlaritzak iazko ekainean aurkeztu zuen aurreproiektua. PPk 57 zuzenketa partzial aurkeztu dizkio Jaurlaritzaren legegaiari, eta horietako batzuk behin betiko testuan txertatzeko negoziazioetan ari dira hiru taldeak. Llanosek azaldu du "sintonia" ona dagoela elkarrizketetan, eta espero du ekainerako lege erreforma onartzea.

Gordetako posturik ez

Bestalde, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Ertzaintzako Sipe sindikatuari, eta bertan behera utzi du Herritarren Segurtasunerako eta Ikerketa ofizialorde lanetarako emakumeentzat postu kopuru bat gordetzeko erabakia. 2008ko lan deialdi batean hartu zen neurri hori. Urte horretan, bi ofizialorde kargu horiek betetzeko deialdiak egin zituen Jaurlaritzak, eta postu horien erdiak emakumeentzat gorde zituzten.

Helegitea aurkeztu zuen Sipek, ez zetorrelako bat emakumeentzat lanpostu kopuru zehatz bat gordetzearekin; ezta hautagaien berdinketa kasuan ere, sindikatuaren iritziz, kasu horretan beste faktore batzuk hartu behar zirelako kontuan lana nori eman erabakitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.