Kuban deportatua dagoen anaia ikusteko baimena ukatu diote Bittor Urtiagari

Santurtziarra 1984tik dago Karibeko uhartean. Orotara, hamabi euskal deportatu politiko daude han gaur egun, eta haiek etxera itzul daitezen urratsak egiten hasteko eskatu die Etxerat-ek instituzioei.

Etxerateko kideak Bittor Urtiaga eta Eba Ferreirarekin. ETXERAT
2019ko apirilaren 11
16:05
Entzun

Bittor Urteagari ukatu egin diote Joxe Anjel anaia ikusteko baimena. Kuban bizi da Joxe Anjel, 1984an Frantziak Panamara kanporatu zuenetik, eta maiz joan izan zaizkio senideak hara bisitan. Baina azken urteetan gero eta oztopo gehiago jarri dizkiete uhartera joateko. AEBetako adminstrazioak eragotzi dio Kubara bidaiatzea, AEBetako aire espazioa zeharkatzea debekatu baitio. Iazko urrian, ere oztopoak jarri zizkioten. Eba Ferreira emaztearekin batera joan zen Kubara Bittor, eta Habanan itzulerako hegazkina hartzera zihoazenean, aireratzeko baimena ukatu zien biei Air Europa konpainiak. Inolako arrazoirik eman gabe, eta erreklamatzeko aukerarik gabe.

Etxerat elkarteak salatu du Joxe Anjelen anaia izatea dela Bittorren "delitu bakarra", eta salatu du Bittorrena ez dela halako kasu bakarra. Gaur egun, beste 11 deportatu daude Venezuelan, Kuban, Sao Tomen eta Cabo Verden bizi direnak. "Duela 34 urtetik hona, salbuespenezko neurri hau martxan jarri zutenetik, deportatuak izan diren Euskal Herriko biztanleen kopurua 70era iritsi da, eta haietako 11 erbestean hil dira".

Horiek hala, erbesteratuak izan direnak etxera itzul daitezen urratsak egiten hasteko eskatu die elkarteak instituzioei. "Beren burua defendatzeko aukerarik gabe, eta inolako oinari juridikorik gabe kanporatu zituzten, eta, beraz, ez dago inolako argudiorik haien egoerari bere horretan eusteko. Gainera, deportazioa zigor gehigarria da, ezartzen denetik beretik hasita igarotzen den denbora ez baita zenbatzen".

Deportazioek atzerrian daudenen senide eta lagunengan dituzten ondorioak ere salatu ditu Etxerat-ek, eta gogorarazi harainoko bidaia egiteakĀ  ahalegin ekonomiko handia dakarrela berekin, eta oztopo ugari gainditu behar direla. "Behartutako bidaiak dira, maite ditugun pertsonekin kontaktua mantendu ahal izateko, eta, Bittor Urtiagaren kasuan, egoeraren krudeltasuna bikoizten da, bidaiatzea debekatzen baitiote".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.