21. Korrika

Auzoz auzo jendetza handia bildu du Korrikak Donostian

Bilbon euskaltzale oldea bildu ondoren, Gipuzkoan sartu da Korrika bederatzigarren egunean. Goizean, jendetza handia bildu da Azpeitian eta Zumaian, eta arratsaldean iritsi da Donostiara.

2019ko apirilaren 12a
16:34
Entzun

Gipuzkoara egin du jauzi lasterketak bederatzigarren egunean: goizaldean sartu da Mutrikutik barrena. Goizean, Debabarrena eta Urola Kosta igaro ditu, eta, arratsaldean, Donostiara iritsiko da. Gauean, Beterrira joko du, eta, ostean, Tolosa aldera. Ikusi zuzenean BERRIAren webgune berezian.

Jendetza bildu da goizean Urola Kostako herrietan. Antolatzaileek nabarmendu egin dute, esaterako, Azkoitiko parte hartzea: herriko 45 eragilek hartu dute parte, 8 kilometro eskasetan.

Añorgatik sartu da Korrika Donostiara, 16:35 aldera. Ibaetatik Antiguara egin du, eta handik hiriko erdigunera.

Donostian ere une bereziak izan ditu 21. Korrikak. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi omendu du aurten Korrikak, eta haren bilobek hartu dute lekukoa Gros auzoan.

Donostiako udaletxearen parean, hartu du lekukoa Eneko Goia hiriko alkateak.

Realak ere eraman du lekukoa.

Iluntzeko bederatzietan, Altzan ibili ostean, Pasai Antxorako bidean segituko du karabana koloretsuak. Ondoren, Trintxerpen sartuko da, Bidebietatik. San Pedrotik Pasai Donibanerako zeharkaldia itsasontziz egingo du; eta, ondoren, Oiartzualdeko ibilbidearekin jarraitzeko, Lezora ailegatuko da. Errenteriara 23:00 aldera iritsiko da lekukoa, eta Oiartzunera joango da gero.

Atzo, jende uholdeak, Korrikaren uhinak, euskararen aldeko emariak hartu zuen Bilbo. Milaka euskaldun bilbotarren topagune izan zen lasterketa, eta, haiekin batera, dozenaka erakunde eta alderditako arduradunek ere eraman zuten lekukoa. Klika leloa du aurtengo Korrikak, eta horretara dei egin zuten Bilbon: lekukoa hartzeaz eta korrika egiteaz harago, benetako aldaketak egitera, hizkuntza ohiturak astintzera, erabileran pausoak ematera. Hori baitute zeregina: atzoko uholdea, uhina eta emaria ez bihurtzea oasi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.