Indarkeria matxista

Karguekin aske utzi dute Getxon andre bat bortxatzea egotzita atxilotutako gizona

Atzo iluntzean utzi zuen aske epaileak. 300 metroko urrutze agindua ezarri diote.

Erasoa salatzeko protesta, Getxon, atzo. BERRIA.
2019ko apirilaren 13a
17:34
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, aske utzi zuten atzo iluntzean 44 urteko gizona, karguekin. Ostegunean atxilotu zuten, lan eskaintza faltsu bat egin, eta emakume bat bortxatzea leporatuta. Asteazkenean izan zen erasoa, Getxon (Bizkaia): adineko bat zaintzeko lanpostu baten harira lan elkarrizketa bat egiteko argudio faltsua erabili zuen gizonezko batek, andrazko batekin harremanetan jarri, etxera eraman eta bortxatzeko. Epaileak biktimarekiko 300 metroko urruntze agindua ezarri dio gizonari.

"Gaitzespen irmoa" agertu du Getxoko Udalak gertakarien harira. "Kasu honek erakusten du emakumeen aurkako indarkeriaren parte bat, baina jatorria du emakume eta gizonen arteko desberdintasun egoeran. Giza eskubideen urratze larri eta onartezina da biolentzia hori, forma ezberdinetan: psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala...".

Andreak kontatu zuen adinekoak zaintzeko iragarki bat erabili zuela gizonak berekin harremanetan jartzeko. Areetan geratu ziren biak, gizonak lanerako eskaintza bat zuelakoan. Handik etxera joateko proposamena egin zion emakumezkoari, eta, behin hara iritsita, sofan esertzeko esan zion; atzetik hurbildu zitzaion ondoren, galtzak jaistera behartu zuen, eta bortxatu egin zuen.

Albiste honek agerian utzi du ogibide gisara zaintza lanak eta etxeko zereginak dituzten emakumeen kalteberatasuna. Baldintza aski kaxkarretan dihardute gehienetan, eta lantokia zaintzen dituzten familien etxean bertan izateak —usu lo ere han egiten dute—, gainera, aparteko arrisku egoeretan jartzen ditu sarritan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.