Espainiako bozak

Iglesias, Eibarren: "Funtsezkoa da nazioaniztasunaren aldeko indar bat egotea Espainiako Estatuan"

1931n Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zuteneko urtemugan, Eibarko Astelena pilotalekua bete du Unidas Podemosek. Besteren artean, Pablo Iglesias presidentegaiak hartu du hitza.

Unidas Podemosen mitina, Eibarko Astelena pilotalekuan. ARITZ LOIOLA, FOKU
2019ko apirilaren 14a
15:48
Entzun

Egun seinalatua aukeratu du Pablo Iglesiasek Eibarrera (Gipuzkoa) etortzeko. 1931ko apirilaren 14an aldarrikatu zuten han Espainiako Bigarren Errepublika, Eibarko udaletxetik bandera errepublikarra zintzilikatuta. Gaur, Espainia "nazioanitza" aldarrikatu du Iglesiasek, Historia zuk idazten duzu lelopean Astelena pilotalekuan egindako mitinean. PSOEren eta alderdi abertzaleen aukera egin ohi dutenei zuzendu zaie batez ere.

"Badakit hemen hiritar asko daudela bertako bozetan alderdi sozialistaren edo aukera abertzaleen aldeko botoa ematen dutenak", esan du Iglesiasek: "Boto emaile horiek badakite funtsezkoa dela Espainiako Estatuan nazioaniztasunaren aldeko indar bat egotea".

2016ko Espainiako bozetan, Iglesias buru duen koalizioak eskuratu zituen diputatu gehien Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (6), botoen %29rekin. Oraingoan, ordea, beherakada iragarri diote inkestek; CISen arabera, esaterako, 3 eta 4 diputatu artean lortuko lituzkete. Horren jakitun, abertzaleei eta PSOEri botoa eman ziotenei zuzendu zaie Iglesias: "Euskal herritar horiei eskatu nahi diet berriz ere gugan konfiantza izateko".

Nazioaniztasuna defendatzeaz gain, PP, Ciudadanos eta Voxek ekar dezaketenaz ere ohartarazi du Unidas Podemoseko buruak. "Badakigu zer defendatzen duen Colon plazako hirukoteak, trifatxito-ak: hizkuntza bakarra, bandera bakarra, birzentralizazioa". 

Iglesias ez ezik, Eibarren izan dira, besteak beste, Alberto Garzon (IU), Lander Martinez (EAEko Ahal Dugu), Juantxo Lopez de Uralde (Equo) eta Pilar Garrido (Unidas Podemosen hautagaia Gipuzkoan). Errepublikaren aldarrikapena egin du Garzonek ere: "Borroka haien oinordeko sentitzen gara, Bigarren Errepublika eraiki zuten gizon-emakume haien oinordeko, faxismoaren aurka Errepublika defendatu zuten haien oinordeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.