Ertzaintzak masailezurra hautsi dio emakumezko bati Bilboko protestetan

Emakumeak Gara egunkariari adierazi dionez, Ertzaintzak foam jaurtigai batekin egin zion tiro aurpegira zuzenean, Vox alderdiak Bilbon egin zuen ekitaldiaren kontrako protestetan. Basurtuko ospitalean dago, ebakuntza egiteko zain.

2019ko apirilaren 15a
13:38
Entzun

Vox eskuin muturreko alderdiak hauteskunde ekitaldia egin zuen, larunbatean, Bilbon. Ekitaldia ez zen oharkabean pasa. Dozenaka herritarrek protesta egin zuten Euskalduna Jauregiaren parean. Elkarretaratzean istiluak izan ziren manifestarien eta Ertzaintzaren artean. Poliziaren oldarraldian, hainbat zauritu izan ziren, eta emakume bat ospitaleratu egin behar izan dute, masailezurra hautsita. Emakumeak Gara egunkariari adierazi dionez, Ertzaintzak zuzenean jaurti zion aurpegira foam jaurtigai bat. Bi tokitan du hautsita masailezurra.

Zauritua 19 urteko bilbotarra da. Basurtuko ospitalean dago, ebakuntza egiteko zain. Ebakuntzaren aurretik, ordea, jaurtigaiaren kolpeak eragindako hantura apaldu arte itxaron beharko duela jakinarazi diote medikuek. Ebakuntza gaur egitea espero dute.

Azaldu duenez, Voxen ekitaldia "era baketsuan" salatzeko joana zen Euskalduna Jauregiaren pareko elkarretaratzera. Haren esanetan, polizia protestan ari zirenen aurka oldartu zen Iturrizar parkean zegoen manifestari talde batek harri batzuk jaurti zituztenean. Segurtasun lerrotik bananduta zegoen ertzain talde batek istilutik aldenduta zegoen manifestari multzoaren aurka egin zuela adierazi du. Zauritua talde horretan zegoen, eta ziurtatu du ez zela objekturik jaurti inguru horretatik. Istiluetatik ihes egiten ari zela, ertzain batek jaurtitzailea aurpegira zuzentzen ziola ikusi zuen, eta aurpegia biratu zuen instintiboki, babesteko. Foam jaurtigaiaren kolpea nabaritu zuen segidan eta odola isurtzen hasi zen.


Sare Antifaxista, @Antifaxismoa

Emakumeak laguntza eskatu zien ordurako inguratuta zuten ertzainei. Tratu iguingarria jasan zuela salatu du. "Zuk bilatu duzu, hemen egoteagatik", esan ziotela azaldu du.

Zaurituaren senideak salaketa aurkezteko aukera aztertzen ari dira, adierazi dutenez, Ertzaintzak aurpegira zuzenean tiro egin ziolako eta hamar metro baino gutxiagoko distantziatik egin zuelako.

IƱigo Cabacasen heriotzaren ondorioz, Ertzaintzak gomazko piloten erabilera baztertu zuen eta foam jaurtigaiak erabiltzen hasi zen. Ustez, ez dira horren mingarriak, baina hainbat elkartek haren arriskuez ohartarazi dute eta hilgarriak izan daitezkeela nabarmendu dute.

Bost atxilotuak, aske

Ertzaintzak bost lagun atxilotu zituen protestetan, eta bostak aske gelditu dira. Atxilotuetako lauri desordena publikoak eragitea leporatu diete, eta bosgarrenari agintearen kontrako atentatua. Atxiloketetan, poliziak neurrigabeko indarkeria erabili zuela salatu dute hainbat manifestarik.


Sare Antifaxista, @Antifaxismoa

Aburtok liskarrak salatu ditu

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak manifestarien jokabidea gaitzetsi du eta ziurtatu du Ertzaintzak eta Bilboko udaltzainek egoerak eskatu bezala jardun zutela. Salatu du liskarretan parte hartu zuten manifestariek "iraganegoko garaietara" itzuli zirela, eta ez dakitela "garai berrietara egokitzen". Aburtoren esanetan, "indarkeria ingurune batean bizi den jendea da, eta besteen probokazioetan erortzen dira. Batzuen eta besteen artean oraindik ez dute ulertu garai berriak bizi ditugula; Bilbo bake eta elkarbizitza eremua dela, hiri ilusionagarria dela eta horrelako jarrerak guztiz onartezinak eta lotsagarriak direla, eta soberan daudela".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.