Euskara

Euskararen Erakunde Publikoak gutuna bidali dio Parisi, murgiltze eredua defendatzeko

Jacqueline Gourault Frantziako Lurralde Kohesiorako eta Tokiko Kolektibitateekiko harremanetarako ministroak ihardukitzen franko eragin ditu, eskola publikoetako ama-eskoletan murgiltze ereduaren garatzea ez zela legezkoa erranik.

Iñaki Etxeleku.
2019ko apirilaren 15a
07:11
Entzun

Elkarrekin izenpetu dute gutun irekia Beñat Arrabit EEPko lehendakariak, Benedicte Luberriaga EEPko lehen lehendakariorde eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko lehendakariaren ordezkoak, Mathieu Berge EEPko bigarren lehendakariorde eta Akitania Berriko lehendakariaren ordezkoak, eta sinatutakoa bidali diete Edouard Philippe Frantziako Lehen ministroari, Jean-Michel Blanquer Hezkunde Nazionaleko ministroari eta Jacqueline Gouraulti berari.

"Lurralde Kohesiorako eta Tokiko Kolektibitateekiko harremanetarako ministroaren erranak ezin ditugu Estatuaren erantzun ofizial gisa kontsideratu" diote gutunean. "Nahasmendua sortu dute eta elkarte eta politika eremuko hainbat arduradunen erreakzioak elikatu dituzte".  Heldu den ikasturterako, Ainhoa (Lapurdi), Angelu (Lapurdi) eta Irisarriko (Nafarroa Beherea) ama eskoletan irekitzekoak ziren murgiltze esperimentazioak blokaturik gelditu direnez, beren asaldura agertzen dute EEPko arduradunek egoera berriaren aitzinean.

Azken urte hauetan, Hezkuntza Ministerioarekin adostu hitzarmen arautu batzuen bidez bideratu dira lurraldean halako esperimentazio berberak. "EEPk eta Hezkuntza Nazionalak euskara irakasle behar handiei erantzuteko finantzamendu handiak engaiatu, engaiatzen eta engaiatuko dituzten unean, eta indar horiek beren fruituak ematen ari diren une honetan, gure iduriko murgiltze garapenaren etetea pentsaezina da" erranez bukatzen dute gutun irekia. "Hezkuntza Ministerioari eta hunkiak diren beste ministerioei dei bat helarazi nahi diegu, irakaskuntza publiko eta katolikoko murgiltze ereduko sailen garapena euskarazko eta euskararen irakaskuntzaren garapen politikan behin betiko integra dezaten". 

Gutunean, bestalde, delako murgiltze esperimentazioak nola antolatuak diren, zenbat oren kopururekin esplikatzen diete ministroei. Oroitarazten diete burasoek dutela hautatzen, beraz ez direla nehondik ere behartuak. Esperimentazioak arautzen dituzten azken urteetako erakunde publikoen arteko hitzarmenak oro gogarazten dizkiete. Azkenik, guziz ingurumen frantses batean handitzen den haurrarentzat, murgiltze ereduak bermatzen dion euskareren ezagutza hobearen inportantzia azpimarratzen dute, "obratua den politika publikoaren eraginkortasunaren arrazoien" izenean.

Gutunaren kopia bana bidali diete Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetari, Olivier Dugrip Akitania Berria akademia eskualdeko errektoreari, Herve Jonathan Baionako suprefetari eta Pierre Barriere Pirinio Atlantikoetako akadamiako ikuskariari. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.