Espainiako hauteskundeak

Estebanek ziurtatu du EAJk ez duela babestuko PSOEren eta Ciudadanosen arteko gobernu bat

Elkarrekin Podemosek ohartarazi du "arriskua" ez dela Vox, Ciudadanos baizik. EAJri eskatu dio konpromisoa har dezala PSOEren eta Ciudadanosen arteko gobernu bat ez ahalbidetzeko.

Aito Esteban Espainiako Kongresurako EAJren Bizkaiko zerrendaburua, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO, EFE
2019ko apirilaren 16a
07:09
Entzun

Roberto Uriarte Espainiako Kongresurako Elkarrekin Podemosen Bizkaiko zerrendaburuak zuzenean egin dio eskaria EAJri: argi esan dezala ez diola babesik emango PSOEren eta Ciudadanosen arteko balizko gobernu bati. "Ez PSOEk, ezta EAJk ere, ez dute bermatzen ez dutela Riverarekin gobernatuko". Uriarteren esanetan, gizartearen benetako "arriskua" Albert Rivera Ciudadanoseko burua da eta horretan bat dator EAJko presidente Andoni Ortuzarrekin. Aldiz, Uriarteren iritziz, litekeena da hauteskundeen ondoren EAJk Ciudadanosekin akordiotara iritsi nahi izatea, eta herritarrei adieraztea Riveraren alderdia "moderatzen ari dela eta Kontzertu Ekonomikoa onartuko duela". Aukera hori guztiz baztertzeko eskatu dio.

Goiz berean erantzun du EAJk. Aitor Esteban Kongresurako EAJren Bizkaiko zerrendaburuak ziurtatu du alderdi jeltzaleak ez duela babestuko PSOEren eta Ciudadanosen arteko gobernu bat. Haren esaneta, "porrot egin zuen 2016ko agintaldian", PSOEk eta Ciudadanosek sinatu zuten akordioaren gisako egoera bat gertatuko balitz, EAJk "koherentziaz" jokatuko du.

Estebanek nabarmendu du PSOEk eta Ciudadanosek 2016an akordioa sinatu zutenean, "eskumenen gaineko esku hartzea" salatu zuela EAJk. Estebanek gaineratu du EAJk bere hitza betetzen duela eta Mariano Rajoyren inbestiduraren kontra bozkatu zuela, aurretik iragarri zuen bezala. PSOEk, berriz, bere abstentzioarekin Rajoyren izendapena ahalbidetu zuela gogorarazi du.

Uriartek ziurtzat jo du PSOE Ciudadanosekin akordioa lortzen saiatuko dela hauteskundeen ondoren, zenbakiek horretarako aukera ematen badiete. Adierazi du PSOEren barruko hainbat sektorek, Ibex-35ak, botere faktikoek eta botere mediatikoek horretara bultzatuko dutela. Uriartek ez du uste EAJk Ciudadanosi egin dizkion kritikak Riverarekin akordiorik lortuko ez duenaren berme direnik. "Tristea litzateke EAJrekin gertatu zena berriz ere gertatzea. Aznar sekulako arriskua zela esan zuen eta gero Arzalluz ikusi genuen esanez Aznar agintari bikaina zela eta sentsibilitate handia zuela euskal herritarrekiko eta transferentziekiko". Uriartek ohartarazi du antzeko egoera suertatu daitekeela Elkarrekin Podemosek "gobenua baldintzatzeko nahikoa indar ez badu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.