biktimak

ETAren 41 biktimak polizia abusuenak aitortu dituzte

41 biktimak artikulu bat idatzi dute. Talde sozial eta politiko batzuen "mespretxua" salatu dute.

Pili Zabala eta Maria Jauregi, otsailean, Donostian, Foro Sozialaren ekinbide batean. Jauregi izan da idatziaren sinatzaileetako bat. JON URBE, FOKU
2019ko apirilaren 16a
18:51
Entzun

Euren senideak ETAk edo "inguruko taldeek" hil zituzten 41 biktimak Espainiako polizia indarren gehiegikeriaren biktimak aitortu dituzte, Vocento Taldeko egunkarietan argitaratutako iritzi artikulu batean. "Akats politiko eta humano larria da polizia abusuen eta eskuin muturreko taldeen biktimak aitortu nahi ez izatea".

Nabarmendu dute indarkeriaren ondorioz hildako guztiak ezin direla parekatu, baina txarretsi dute biktima horiek "minimizatu" egin nahi dituztela talde sozial eta politiko batzuek. "Uste dugu mespretxu horrek kalte egiten diela Zuzenbideko estatu demokratikoari eta gure gizarteko ehun moralari".

Artikuluaren sinatzaileen artean daude Iñaki Garcia Arrizabalaga, Barbara Duhrkop, Roberto Manrique, Maria Jauregi, Josu Elespe, Naiara Zamarreño, Gorka Landaburu, Rosa Lluch, Sara Buesa, Sandra Carrasco, Ibai eta Andoitz Korta eta Rosa Rodero. Egunean zehar Garcia Arrizabalagak esan du beste pare bat ere atxikitu direla.

Polizia gehiegikerien biktimek ere egiarako, justiziarako, erreparaziorako eta memoriarako eskubidea dutela idatzi dute. "Biktima horien eskubideak aitortzeak sentimendu pre-politikoa izan beharko luke, siglen, banderen eta hautu politiko zehatzen gainetik".

Foro Sozialak txio batean txalotu egin du haien ekimena. "Ekarpen bikaina elkarbizitza demokratikoari eta biktimen arteko enpatia eremuak sortzeko. Eskerrik asko zuen eskuzabaltasunagatik".

Sinatzaileetako batzuek estatu indarkeriaren hainbat biktimarekin parte hartu izan dute mahai inguruetan eta abarretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.