Junquerasi kanpainan telematikoki parte hartzen utziko dio Hauteskunde Batzordeak

Atresmedia telebistako taldearen mahai inguruan bertan behera uzteko ere agindu du, Voxek ez duelako hautetsirik, eta hautetsiak dituzten beste alderdi batzuk ez dituztelako gonbidatu. JxCk, EAJk eta CCk salatu zuten. Lledonerseko kartzelan ekitaldi bat egiteko baimena ere eman diote ERCi.

Oriol Junqueras, Goreneko epaiketan, aurtengo otsailean. EFE.
2019ko apirilaren 16a
07:11
Entzun

Kataluniako ACN Agencia Catalana de Noticies taldeak apirilaren 19an antolatu duen hitzaldi sortan arituko da Oriol Junqueras, kartzelartik zuzenean. ERCk egin zuen eskaria, eta Espainiako Hauteskunde Batzordeak baimena eman dio presoari; batzordeak espetxeetako zuzendaritzari eskatu dio "beharrezko neurriak" hartzeko, Junquerasek telematikoki parte har dezan. 10:00etan izango da hitzaldi sorta hori. Soto del Realeko kartzelan dago preso ERCko burua, Madrilen.

Joan zen astean, Hauteskunde Batzordeak ukatu egin zituen ERCren beste eskari batzuk. Batzrodeak espetxe zuzendaritzari eskatu zion, zer aukera zeuden esplikatzeko. ERCk sei egunetarako eskatu zuen Junquerasen parte hartzea: hilaren 11rako, 15erako, 18rako, 19rako, 24rako eta 25erako. Espetxe zuzendaritzak arazoak jarri ditu data gehienekin, dela bideokonferentzien zein telefonoen txandak beteta zeudela argudiatuz, dela egun batzuetan Goreneko epaiketara eraman behar dutelako... Baina ostiral honetako data libre zegoela adierazi zuen, eta horrela eman dio Hauteskunde Batzordeak, ostiral honetarako baimena.

Batzordeko presidenteak eta bokalak boto partikular bat eman dute, zehazteko Junquerasi gainerako egunetan ere utzi beharko lioketela parte hartzen. Espetxe Zuzendaritzak emandako arrazoiak ez daudela behar bezala argudiatuta eta zehaztuta uste dute.

Hauteskunde Batzordeak, bestalde, astearte honetan bertan erabaki du Atresmedia taldeak hilaren 23rako programatua zeukan mahai inguruak bertan behera gelditu behar duela. PP, PSOE, Unidas Podemos, Ciudadanos eta Vox alderdietako buruak ziren parte hartzekoak. JxCk, EAJk eta Coalicion Canariak salatu zuten erabaki hori, hautetsirik ez duen alderdi bat (Vox) sartu zutelako eztabaidan, eta hautetsiak dituzten beste alderdiak kanpoan utzi. Hauteskunde Batzordeak arrazoia eman die, beraz.

Horregatik, bi erabaki horien berri jakin orduko, ERCk beste eskari bat egin dio Hauteskunde Batzordeari: utz diezaiola Junquerasi Atresmedia telebista taldearen mahai inguruan parte hartzen, apirilaren 23an.

Atresmediak, ordea, ez du hautagai abertzalerik gonbidatzeko asmorik. hauteskunde Batzordearen erabakiaren berri jakin ondoren, erabaki du apirilaren 23ko eztabaidan lau hautagai bakarrik arituko direla: Pablo Casado (PP), Pedro Sanchez (PSOE), Pablo Iglesias (Unidas Podemos) eta Albert Rivera (Ciudadanos). Santiago Abascal Voxeko buruak kritikatu egin du Hauteskunde Batzordearen erabakia, bere alderdia eztabaidatik kanpo utzi duelako. "Espainian separatistek agintzen dute", esan du.

Beste erabaki bat ere hartu du Hauteskunde Batzordeak: ERCri baimena eman dio Lledornerseko espetxean, Katalunian, ekitaldi bat egin dezan. Han egon dira preso politikari batzuk, Goreneko epaiketarako Madrilera mugitu dituzten arte. Gabriel Rufianek parte hartuko du ekitaldi horretan, apirilaren 18an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.