Aberri eguna

Bozkatzera deitzeko baliatuko du EAJk Aberri Eguna, "Euskadiren lidergoa bikoizteko"

Bilboko Plaza Barrian ospatuko dute jeltzaleek Aberri Eguna. Bertan izango dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Andoni Ortuzar EBBko burua. "Topaguneak" bilatu beharra aldarrikatu du Aitor Esteban hautagai jeltzaleak.

Zarate eta Esteban. EAJ-PNV
2019ko apirilaren 18a
09:29
Entzun

Igandean, Bilboko Plaza Barrian, bilduko dira jeltzaleak urtero moduan Aberri Eguna ospatzeko. Aurtengoa berezia izango da, gainera, bi huateskundeen atarian egingo baita, Espainiako Gorteetarakoak apirilaren 28an eta Europa, foru eta udaletakoak maiatzaren 26an. Hori dela eta, bozkatzera joateko garrantzia gogoratuko dute igandeko ekitaldian.

"Aberri Egun honetan nabarmendu nahi dugun helburu nagusia da behar besteko indar demokratikoa sortu nahi dugula gure herriaren proiektua gure udalerrietan, gure herrialdeetan, Espainiako estatuan eta Europa osoan bultzatzen jarraitzeko", azaldu du Mireia Zaratek EBBko idazkariak, ekitaldia aurkezteko egindako agerraldian. Zaratek gogorarazi du badela "nazio askatasun osoa lortzeko borondate irmoa" duen herri bat, eta hori hautetsontzietan islatu beharra dagoela.

Espainiako Kongresurako Bizkaiko zerrendaburu jeltzaleak, Aitor Estebanek, kritikatu egin ditu politika "inposaketa" gisara ulertzen eta elkarrizketak baztertzen dituztenak. "Topaguneak bilatu behar ditugu burujabetza partekatua nagusi den eta gero eta konplexutasun handiagoekin aurkezten zaigun mundu honetan. Hurkoari uko egitea ez delako konponbideak bilatzeko bidea", adierazi du Estebanek.

Goizeko 11:30ean hasiko dute jeltzaleek ekitaldi nagusia. Hitza hartuko dute Estebanek berak, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Andoni Ortuzar EBBko presidenteak, hurrenez hurren. Horiez gain, ekitaldian izango dira, besteak beste, Euzkadi Buru Batzarreko kideak, Eusko Jaurlaritzakoak, Herrialde Buru Batzarretakoak, hiriburuetako alkateak, diputatu nagusiak, Uri Buru Batzarretako presidenteak, Kongresu eta Senaturako hautagaiak eta EAJren diputatua Europako Parlamentuan. Ondoren bazkaria egingo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.