Espainiako hauteskundeak

Jordi Sanchezek "erreferendum adostu bat" eskatu dio PSOEri, sostenguaren truke

JxCATeko hautagaiak Soto del Realeko espetxetik egin du agerraldia bideo konferentzia bidez, atzean Espainiako bandera eta erregearen argazkia zituela.

Jordi Sanchez, Espainiako bandera eta erregearen argazkia atzean dituela. EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko apirilaren 18a
09:32
Entzun

Soto del Realen (Espainia) dago preso Jordi Sanchez, eta Espainiako fiskaltzak 25 urte arteko kartzela zigorra eskatu du harentzat, "matxinada antolatu eta bultzatzea" egotzita. Ondorioz, bideo konferentzia bidez parte hartu behar izan du EFE albiste agentziak hauteskundeekin lotuta antolatutako prentsaurrekoan. Horretarako baimena atzo eman zion Espainiako Hauteskunde Batzordeak.

Sanchezek ez die aipamenik ez batari ez besteari, baina Katalunian erreferendum bat egitearen beharraz aritu da agerraldian. Buruzagi independentistak babesa eskaini dio PSOEko presidentetzarako hautagaiari, hark erreferenduma egiteko aukera onartzen badu. "Junts per Catalunyak ez du irtenbide bat inposatuko [Kataluniako auzian], baina ez du elkarrizketarako baldintzarik ere onartuko".

JxCATeko hautagaiak ohartarazi du oker dagoela uste duenak irtenbidea hautestontzietatik at dagoela. "Uste dugu PSOEk lankide egonkor bat behar duela, ezin du jarraitu egoera blokeatzen duen taldearen baitan". Baina, aldi berean, Ciudadanosekiko akordio batekiko arriskuez ere ohartarazi du ANCko presidente izandakoak: "Argi dago PP, Ciudadanos eta Vox ez direla gai gehiengo egonkor bat egiteko. Kataluniarentzat dagoen arrisku handiena da Ciudadanosen eta sozialisten arteko balizko akordio batean 155. artikuluaren aplikazioa jasotzea".

Nabarmentzekoa izan da, baita ere, espetxeko arduradunek agerraldirako prestatutako agertokia. Areto huts batean mahaiaren atzean eserita ageri da Sanchez, baina haren atzean agertzen diren Espainiako bandera eta erregearen argazkia dira esanguratsuenak. Agerraldirako horiek jarri izana salatu du Carles Puigdemont buruzagiak ere: "Erdian preso politiko bat. Gora eskuinera, a por ellos hura bultzatu eta Jordi Sanchezek urte bat eta erdi behin-behineko atxiloaldian egin izanaren arrazoia. Soberan daude hitzak". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.