"Egia" eskatu dute Jon Anza desagertu zeneko 10. urteurrenean

Ekitaldia egin dute Ziburun (Lapurdi) gertatutakoaren "egia" eskatzeko. 2009ko apirilaren 18an desagertu zen Anza, eta 2010eko martxoaren 11an jakinarazi zuten haren gorpua Tolosan (Okzitania) zela. "Gerra zikina" salatu du haren sendiak.

Jon Anzari omenaldia, Ziburun (Lapudi). ENEKOITZ ESNAOLA
2019ko apirilaren 18a
09:26
Entzun

Jon Anza kolektiboak ekitaldia egin du Anza desagertu zela hamar urte igaro direla oroitarazteko. Kolektiboko kideek "egia" eskatu dute: "Auzian gertatutakoaren egia jakiteko eskubidea dugu", ohartarazi du Jokin Etxebarria kolektiboko kideak. Gainera, garai hartako "gerra zikina" salatu dute, eta Espainiaren eta Frantziaren jarrera deitoratu. Dozenaka lagun elkartu dira ekitaldian, eta besteak beste, Xumai Murua bertsolariak bi bertso eskaini dizkio, Anzaren lankide ohiek hartu dute hitza, aurreskua eta lore eskaintza egin diete senideei eta Anzaren omenezko murala margotu dute.

Urtebeteko itzala

2009ko apirilaren 18an ikusi zuten azkenekoz Anza, Baionatik Tolosara trenean zijoala. ETAko kidea zen, eta erakundeko beste kide batzuekin zuen hitzordua Tolosan. Sendiak, ordea, ez zuen jakin Anza hilda zegoela 2010ko martxoaren 11ra arte. Gerora jakin zen 2009ko maiatzaren 11n hil zela.

2013an Frantziako fiskaltzak Anzaren heriotzari buruzko auzi artxibatzeko eskatu zuen, Anza minbiziak jota hil zela deliberatuta. Izan ere, ETAko militante ohiak tumorea zuen buruan. Edonola ere, 11 egun horietan Anza non egon zen ezin argitu dabil familia ordutik, eta salatu dute "gerra zikinaren" zantzuak daudela auzian. Besteak beste 2010ean Gara egunkariak kaleratu zuen, iturri sinesgarri batzuen arabera, Espainiako Poliziak Anza trenean harrapatu, legez kanpo galdekatu, hil eta lurperatu egin zutela. Le Monde egunkariak ere sinesgarritasuna eman zion hipotesi horri.

Familiak kasua ikertzeko eskatu izan du, eta 2015ean Parisko epaitegiak ebatzi zuen Frantziako Gobernuak ez zuela ardurarik izan Anzaren auziko irregulartasunetan. Sendiak, ordea, eusten dio bere aldarrikapenari: "Frantziako Estatuak aitortu beharko luke bere erantzukizuna".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.