Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Junqueras: "Gure esku dagoen guztia egingo dugu eskuineko gobernu bat egon ez dadin"

Soto del Realeko espetxetik eskaini du prentsaurrekoa ERCko zerrendaburuak. Ohiko duen moduko agerraldia egin du Junquerasek, umorea galdu gabe, baina helburuak argi utziz. 

Prentsa aretotik jarraitu dute kazetariek Junquerasen agerraldia. ANDREU DALMAU, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko apirilaren 19a
12:49
Entzun

Mahai zuri eta txiki bera eta horma gris berdina atzean. Bezperan Jordi Sanchez JxCATeko hautagaiak bideo konferentzia egin zuen gela beretik aritu da gaur Oriol Junqueras, Soto del Realeko espetxetik (Madril). Baina haren espetxekidearen kasuan ez bezala, Espainiako banderarik eta Felipe Borboikoaren argazkirik gabeko irudia eman dute telebista kamerek. 

Litekeena da ostegunean Sanchezen agerraldian ikusi ziren bandera hori eta gorriak eta Espainiako erregearen argazkiak eragindako kritikek espetxe zuzendaritzaren iritzi aldaketa eragin izana. Edo, baita ere, gaurko prentsaurrekoa ahalbidetu duen ACN Kataluniako Albiste Agentziaren eskariz, kamerek Junquerasen gertuagoko irudia eman izana, atzeko "apaingarriak" ikus ez zitezen.

Era batera edo bestera, banderarik eta argazkirik ez egon arren, argi geratu da ez dela ohikoa izaten ari Esainiako Gorteetarako bozetarako kanpaina. Prentsaurrekoa antolatu duen agentziak berak gogorarazi duenez 534 egun daramatza ERCko zerrendaburuak behin-behineko espetxealdian, urriaren 1eko erreferenduma antolatzeagatik. Bozetarako hautagai izanik, Junquerasek kartzelatik irteteko baimena eskatu du kanpainan parte hartzeko. Baina epaitegiek ez diete halakorik onartu.

Ohikoa duen moduan, ironiaz deskribatu du egoera buruzagi subiranistak, esanez penagarria dela kazetarien aurpegiak ikusi ezin izatea, berak prentsaurrekoak horren gustoko dituenean. "Ezin dugu normaltasunean kokatu gu hemen, kartzelan, egotea; ez bakarik hauteskunde kanpainan gaudelako, baita ere nik egin dudana ez dagoleako Zigor Kodean jasota, eta beraz, ezin liteke zigortu". 

 Espainiako Kongresurako ERCren zerrendaburua da Junqueras, baina preso egonda ez dago argi zer gertatuko den haren hautagaitzarekin. Baina hori argitu bitartean, buruzagi errepublikanoak argi utzi du zein izango den euren helburua Madrilen: "Demokrata bakar batek ere ez luke eskuin muturreko gobernu bat ahalbidetuko bere esku balego, eta guk ere ez dugu egingo". 

Sozialisten jarrerarekin ere ez dator bat, hala ere, buruzagi katalana. Haren arabera, Ciudadanosenaga joko du Sanchezek horrek gobernu egonkor bat ahalbidetzen badio, eta PSCri ematen dizkioten botoak ere Ciudadanosen eskuetan amaituko dute. "Tamalgarria litzateke 155.aren blokeak irabaztea. Inor ez asaldatzen Sanchezek esaten duenean ez duela erreferendumik edo independentziarik onartuko. Baina gure helburua hori da oraindik ere, eta horretarako balio du demokraziak, gure helburuetara ahalik eta gehien gerturatzeko". 

Independentistak nagusi Katalunian

Alderdi subiranistek Katalunian izan ditzateken emaitzei buruz galdetuta, baikor agertu da ERCko burua. Haren iritziz, bada aukerarik talde independentistek bozak irabazteko. "Gure helburuak inork baino hobeto defendatzen ditugu, eta horregatik eskatzen diet herritarrei bozka diezaiotela ERCri, hezkuntza defendatzeko, sindikatuen alde egiteko, pribilegioak amaitzeko...". 

Dena den, eta emaitzak emaitz elkarrizketetan oinarritutako irtenbide bat defendatu du Kataluniako auzian. "Erreferenduma eta errepresioaren amaiera defendatuko ditugu, eta zein da horra heltzeko bide hoberena? Elkarrizketa, horrek ahalbidetzen duelako gehiengo demokratikoak eraikitzea". 

Kazetariek prentsa aretotik jarraitu dute haren agerraldia, baina ez dira bakarrak izan. Aretoan izan dira Gabriel Rufian ERCren Kongresurako zerrendan bigarrena, Diana Riba Europako Parlamenturako hautagaia eta Sergi Sabria ERCko burua Kataluniako Parlamentuan. 

Agerraldi gehiago datozen egunetan

Sanchezen osteguneko agerraldia eta Junquerasen gaurko prentsaurrekoa ez dira preso politikoek datozen egunetan emango dituzten bakarrak. Igandean Raul Romevak, ERCren Espainiako Senaturako hautagaiak, eta Junquerasek berak parte hartu ahalko dute alderdiak Cambrilsek egingo duen mitinean, hori bai, bideo konferentzia bidez. Eguerdian izango da hori. 

Horrez gain, komunikabideek ere izango dute hautagaiak elkarrizketatzeko aukera. Igandean bertan, baina goizean La Vanguardia-k elkarrizketatuko du Junqueras, eta astelehenean Ara egunkariak. Astelehenean, baita ere, Sanchezek elkarrizketa eskainiko dio ACN agentziari. 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.