Gazte Topagunea

Lemoa, milaka gazteren topagune

Eguerdiko 12:00etan abiatuta, dozenaka hitzordu eta ekitaldi dituzte datozen hiru egunetan. Arratsaldeko ekitaldian EPPKren mezu bat irakurri dute; gazteekiko “konfiantza” agertu du.

2019ko apirilaren 19a
18:09
Entzun

Goizeko lehen ordurako hasi dira lehen ibilgailuak heltzen. Furgonetak, autoak, autobusak... dena izan da baliagarrai Lemoara heltzeko. Jarraian lo lekua txukundu eta ondoren, gozatzera. 

Milaka izan dira Gazte Topagunearekin bat egin dutenak. Gaur hasi eta astelehenera bitartean hainbat ekitaldia antolatu dituzte Bizkaiko herrian: kontzertuak, eztabaidak, hitzaldiak, tailerrak eta abar luze bat. 

Eguerdiko hamabietan jaurti dute txupina eta harekin hasi dute harrera ekitaldia. Aitor Servier eta Lur Albizuk hartu dute hitza, Aitzina eta Ernaiko ordezkariek. Biek gogoan izan dituzte Espainia eta Frantziako kartzeletan dauden preso politikoak, eta eskerrak eman dizkiete aurtengo topagunea ahalbidetu dutenei. "Bidelagunak beharko ditugu. Harreman asko egin ditugu eta hauek sendotzera gatoz".

EPPKren mezua

Arratsaldeko ekitaldian EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren adierazpen bat irakurri dute. "Agurrik sentikorrena, etorkizuneko Euskal Herria marraztuz, jendarte aske eta justu batean bizitzeko ahalegina egiten ari zareten gazteoi”, dio agiriak, hasieran. "Pozgarria da guretzat belaunaldi berriekin bat egitea etorkizunari begiratzen diogunean; indarrak suspertzen dizkigu zuen grinak, geroaz eta gure herriaren etorkizunaz kezkatzen zaretela ikusteak. Ilusioz betetzen gaitu ondoren zatozten belaunaldietako kideok lekukoa hartzeko prest zaudetela ikusteak”.

EPPK-k “konfiantza” agertu du gazteekiko, uste baitu "Euskal Herri independentea, sozialista eta baketsua" lortzeko "ardura" hartuko dutela. “Konpromiso horretan grinatsu jarraitzera animatu nahi zaituztegu, jokoan dagoena geure herria eta geure geroa delako".

Euskal presoen egoeraz ohartarazi du kolektiboak pausoak eman arren “emaitzak txikiak” direla oraindik, eta iritzi dio “premiazkoa” dela gaixorik direnak, adin handikoak eta gurasoak askatzea. "Eta lehentasunezkoa da euskal preso politiko guztien kaleratzea, deportatu eta erbesteratuen etxeratzea. Lehentasunezkoa da, presorik gabeko herria amesten dugulako eta behar dugulako, senideak eta lagunak preso dauden bitartean ezin garelako aske izan".

EPPKren agurra Gazte Topaguneari

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.