Espainiako bozak

EAJk salatu du "Euskadi jaurtigai gisa" baino ez zutela aipatu TVEko debatean

Otegik nabarmendu du Espainiako Gorteetarako bozen eztabaidan bederatzi aldiz aipatu zutela bere izena, eta zazpitan, berriz, EH Bildurena. "Batzuek ez gaituzte nahi Espainiako Kongresuan. Zer arrazoi gehiago nahi duzue botoa EH Bilduri emateko?".

Atzoko debateko irudi bat. RAúL TEJEDOR, EFE.
2019ko apirilaren 23a
10:36
Entzun

EAJk eta EH Bilduk, biek salatu zuten ez zutela ordezkaritzarik izango TVEk atzo egindako hauteskunde debatean. Bide beretik ekin diete debate ondorengo adierazpenei ere. "EAJ ez badago, Euskadi ez da existitzen", nabarmendu dute jeltzaleek, "Euskadi jaurtigai gisa soilik" aipatu izana kritikatzearekin batera. "Batzuek ez gaituzte nahi Espainiako Kongresuan", azaldu du Arnaldo Otegik (EH Bildu). Espainiako Gorteetarako hauteskundeen harira, PPko, PSOEko, Ciudadanoseko eta Unidas Podemoseko hautagaiak aritu ziren atzoko debatean, hurrenez hurren: Pablo Casado, Pedro Sanchez, Albert Rivera eta Pablo Iglesias. Oro har, Rivera eta Casado bat eginda aritu ziren Sanchezen aurka, hauteskunde ondorenerako aliantzak eztabaidagai hartuta. Sanchezek, berriz, eskerrak eman zizkion Iglesiasi, PSOEren gobernuaren neurriak babesteagatik. Iglesias prest agertu zen berriz ere hala egiteko.

Parte hartzeko aukerarik izan ez zuen arren, aipatu, aipatu zutela nabarmendu du Arnaldo Otegik. "Bederatzi aldiz aipatu naute, zazpi aldiz aipatu dute EH Bildu, eta nire argazkia erakutsi dute beste bi alditan. Beraz, agerikoa da debate hau geuk irabazi dugula, han bertan egon gabe ere", azaldu zuen Otegik sare sozialetan zabaldutako bideo batean: "Agerikoa da, denek ikus ahal izan dute: eskuinarentzat eta eskuin muturrarentzat, etsai bat garaitu behar da, etsai deseroso bat. Batzuek ez gaituzte nahi Espainiako Kongresuan. Zer arrazoi gehiago nahi duzue , euskal herritarrok, botoa EH Bilduri emateko?".

EAJk, berriz, "Euskadi jaurtigai gisa" bakarrik aipatu izana kritikatu zuen: "Erabiltzeko aipatu dute [Euskadi]. Ez herrialdearen arazoei buruz aritzeko. Konponbiderik gabeko debate bat, ezezkoaren politika baino ez. EAJk ez du politika horretan sinesten". Aitor Esteban hautagaiak parte hartzeko aukerarik ezarekin lotu zuen hori: "EAJ ez badago, Euskadi ez da existitzen".

Geroa Baiko Koldo Martinezek, berriz, kezka agertu du Sanchezek ez zuelako baztertu zenbakiek bide emanez gero Ciudadanosekin koalizio bat egitea. "Geroa Baik Sanchez babestuko du, baina ez Ciudadanosekin batzen baldin bada. Talde ultraliberala eta autogobernuaren eta konbenio ekonomikoaren aurkakoa da", esan du Martinezek Onda Vascan egindako elkarrizketan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.