Euskal presoak

Espainiako Gobernuak bi euskal preso urrundu dituela salatu du Sarek

Asier Bengoa eta Karlos Apeztegia presoak Soto del Real espetxetik (Madril) eraman dituzte Herrera de la Manchara (Ciudad Real, Espainia) eta Ocaña II-ra (Toledo, Espainia).

Inaxio Oiartzabal, Jaione Carrera eta Joseba Azkarraga Sareko kideak, plataformaren prentsaurreko batean, joan den otsailean. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
2019ko apirilaren 23a
21:01
Entzun

Sare plataformak salatu du Bengoaren eta Apeztegiaren urruntzea "atzera urrats nabarmena" dela. Bengoa Euskal Herritik 600 kilometrora eraman dute eta Apeztegia 480 kilometrora. Bi presoen lekualdatzeak "salbuespen neurrien adierazle garbiak" dira, Sareren esanetan. "Presoen eskubideak urratzeaz gain, espainiar estatuak urruntze politikekin amaitzeko agertutako borondatearen aurkakoak" direla nabarmendu du Sarek.

Plataformak gaineratu du presoen lekualdaketa gauzatu artean, isolamenduan izan dituztela, "horretarako inolako arrazoirik gabe". Hori dela eta, presoei zigor bikoitza ezarri dietela salatu du.

Sareren esanetan, "garai berri baten aurrean gauden honetan", atzera egin du Madrilek urruntze politikarekin amaitzeko hartutako konpromisoan.

"Herri honek aurrera egiteko erakutsitako nahi eta beharrari erantzuten dioten politika ausartak garatzeko unea da. Elkarbizitzan eta bakean biziko den jendarte bat eraikitzeko, sufrimenduarekin amaitu beharra dago, salbuespen legediarekin amaitu eta legea oinarri hartuta, zigor atxiki eta urrunketarekin amaitzea ezinbestekoa da. Horregatik, atzera urrats bat bera ere ez emateko eta hartutako konpromisoak betetzeko eskatzen dio Sarek espainiar gobernuari, baita hauteskunde hauetan euren burua aurkeztu duten alderdi eta ordezkariei ere. Aurrera egiteko unea da", adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.