Euskal presoak

Txus Martin askatzeko eskatu du LABek ebakuntza egin behar zioten egunean

Bihotzeko ebakuntza egin behar zioten gaur euskal presoari, baina atzeratu egin dute. Martin egoera larrian dagoela ohartarazi diote Nekane Murga sailburuari, eta gaixo diren euskal presoak askatzeko eskatu dute.

LABeko kideek Gasteizen egindako elkarretaratzea, gaur. LAB.
2019ko apirilaren 25a
07:34
Entzun

21 gurutze eraman dituzte LABeko kideek Eusko Jaurlaritzaren aurreko elkarretaratzera, gaitz larriekin espetxean dituzten 21 euskal presoen egoera irudikatzeko. Izan ere, haiek preso edukita "heriotza zigorra" ezartzen zaiela salatu dute sindikatuko kideek eta Osakidetzako ordezkariek. Bereziki, Txus Martin presoaren egoera izan dute gogoan: bihotzeko ebakuntza bat egin behar zioten gaur, baina atzeratu egin dute azkenean, LABek ohar bidez jakinarazi duenez: "Bihotzeko ebakuntza oso larria baldin bada, medikuen arabera, ebakuntza ostekoa are larriagoa izan daiteke. Beraz, etxean behar du egon, bizirik eta onik jarrai dezan".

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu berriarekin ere bildu dira LABeko kideak, Martinen egoeraren larriaz ohartarazi eta gaixo diren euskal presoen berri emateko. "Argi utzi nahi diogu 21 euskal biztanle hauek ere bere ardura direla", adierazi dute LABeko kideek. Izan ere, preso horiek euskal herritarrak direla gogorarazi dute, eta azaldu dute "Euskal Herrian ez badaude, espetxe politikak, dispertsio politika krudel honek, herritik ehunka kilometrora urrunduta dituelako" dela. Hala, "mendeku jarrerak" atzean utzi eta guztiak aske uzteko eskatu dute sindikatuko kideek.

Txus Martin 2002an atxilotu zuten Frantzian, eta zortzi urtez izan zuten han preso, egoera bereziki gogorretan: bost urtez, erabat isolaturik eta bakarturik izan zuten. Lagunen bisitarik ere ez zuen apenas izan, epaileak horretarako baimenak etengabe ukatu edota atzeratu zizkiolako. Urte horietan, hiru lagunen bisita besterik ezin izan zuen jaso.

Hiru urtez isolatuta egon ondoren, 2006an agertu zitzaion gaitza lehen aldiz. Espainiaren esku utzi, eta kartzelatu egin zuten 2010eko urrian. Behin-behinean dute preso ordutik Espainiako kartzeletan, 90. hamarkadan abiatutako hiru auzirengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.