Parte hartzea

Araban izan ezik, asko handitu da parte hartzea

Bizkaian eta Nafarroan, %75etik gorakoa izan da parte hartzea; Gipuzkoan, hamar puntu igo da 2016ko datuekin alderatuta. Araban, apalagoa izan da hazkundea: 3,84 puntu.

Herritar batzuk, Espainiako Gorteetarako bozketarako botoa prestatzen, Barañaingo(Nafarroa) hautesleku batean. IñIGO URIZ, FOKU
2019ko apirilaren 28a
14:27
Entzun

Hautagai nagusi guztiek nabarmendu dute gaurko bozketan parte hartzearen garrantzia, eta pentsatzekoa da herritarrek ere garrantzia eman diotela botoa emateari. Izan ere, Espainiako Gorteetarako izan ziren azken hauteskundeekin alderatuta, gora egin du parte hartzeak, nabarmen. 14:00ak arteko datuek hala islatu dute lehenik, eta 18:00ak artekoetan berretsi egin da joera. Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan atzeman da igoera, eta nabarmena izan da Nafarroan, Bizkaian eta Gipuzkoan. Araban, berriz, apalagoa izan da.

Igoerarik handiena Gipuzkoan izan da. Bozkatzeko eskubidea duten herritarren %73,78k eman dute botoa. Hau da, 2016an eman zuen herritar kopurua baino 10,5 puntu gehiago.

Parte hartze handiena, hala ere, Bizkaian izan da. %75,26k eman dute botoa gaur, 2016ko hauteskundetan baino 9,29 puntu gehiago.

Nafarroan ere %75ko langa gainditu dute. 7,77 puntu handitu da parte hartzea, eta erroldakoen %75,17k eman dute botoa.

Parte hartze handiagoa izan da Araban ere, baina igoera, apalagoa: 3,84 puntu.

Katalunian, nabarmen gora

Katalunian parte hartzearen datua esanguratsua da. Hazkunde nabarmena izan du 2016ko datuen aldean: 13,95 puntu hazi da. Historikotzat jo daiteke parte hartzea, %77,37koa izan delako.

Espainian ere handitu da parte hartzea, baina maila apalagoan. Espainiako Barne Ministerioaren datuen arabera, %75,57 izan da. Igoera 9,1 puntukoa izan da.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.