Araba

Marotok eserlekua galdu du, EH Bilduren mesedetan

Estu izan da lehen indarra EAJ, 604 gelditu da PSE. Gaueko beste borroka estuan EH Bilduk eskuratu du azken aulkia. Eserlekurik gabe gelditu da Javier Maroto 384 bozkengatik. Elkarrekin Podemosek lortu du beste diputatua.

Bozkatzera hurbilu den jendea Gasteizen. DAVID AGUILAR/EFE
2019ko apirilaren 28a
09:41
Entzun

Araban gorabehera asko izan zituen zenbaketak. Bi postu zeuden lehian: lehena eta azkena. EAJ eta PSE ibili ziren bata besteari aurreratzen bozka berriak iristen ziren aldiro. EH Bildu eta PP, berriz, ea azken diputatua nork lortuko. Baina %100 zenbatu eta gero banatu dira aulkiak: EAJ 1, PSE 1, Elkarrekin Podemos 1 eta EH Bildu 1. Eserlekurik gabe gelditu da Javier Maroto. Araban, ordea, 28.000 pertsonek eman zuten bozka korreo bidez. %71,19 bozkatu du, aurreko hauteskundeetan baino bost puntu gehiago.

Azken momenturarte ez zegoen ezer garbi Araban. Bi lehia zeuden eta biak estu. Azkenean EAJk lortu du lehen postua PSEren aurretik. 604 bozkako aldea atera dio soilik. Hasiera batean PSE zen alderdi bozkatuena, baina zenbaketak aurrera egin ahala jeltzaleek pasa egin dituzte sozialistak. Hala ere, bi alderdiek bozka gehiago jaso dituzte 2016an baino: 14.000 gehiago EAJk eta 13.000 PSEk, 40.199 eta 39.595 PSEk.

Diputatu bat lortzeko lehia izan zen bestea EH Bildu eta PPren artean. Zenbaketetako datu berriak sartzen zituzten aldiro batak besteari kentzen zion tokia. Bilduk 1000 bozkako aldea ere izan zuen, baina azkenean 384gatik soilik lortu du lekua Kongresuan. Nabarmena da PPk izan duen bozka galera. 2016an 34.276 lortu zituen, gaur 24.304. Ez da zenbaki makala 10.000 bozka galtzea. EH Bilduk, berriz, gora egin du 9.000.

Zenbakiekin sartuz gero Elkarrekin Podemos da gainbehera handiena bizi izan duena. Aurreko hauteskundeak irabazi zituen Araban, 51.827 bozkarekin. Oraingoan hirugarren gelditu da eta mantentzen du diputatua. Aurreko zenbakiekin ere ez zuen beste aulkirik lortu. Baina oraingoan 31.346 pertsonen babesa jaso du, 20.000 gutxiago.

Ezer ez dago erabakita dena den. Postuen arteko lotura oso estua da eta 28.000 pertsonek eman dute bozka korreo bidez. Kontuan hartuta hiru zifrako zenbakiak direla lehen bien eta azken bien arteko aldea edozer pasa liteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.